Kazeta

Autodefentsa ikastaroak Planning Familialen eskutik

BIDEOA- Planning Familial elkarteak egitasmo berritzailea eman du plantan aurten Baionako besten atarian. Bi egunez, emazteei zuzendutako autodefentsa atelierak antolatu ditu, Zizpa Gaztetxean.

Baionako peñen elkarteak emandako diru-laguntzari esker, bi oreneko ikastaldiak proposatu ditu Planning Familial elkarteak, sexismoaren aitzinean "emazteek duten erantzun gaitasuna lantzeko eta edozein jazarpen mota behar dela salatu jabetzeko". Lehen hitzordua uztailaren 16an iragan zen, bigarrena, ordea, ostegun honetan iraganen da.



Defentsa pertsonalaren adituak izanen dituzte bidelagun kurtsoetan parte hartzeko izena eman duten 42 emaztek. Hasieran 30 toki aurreikusi zituzten baina arrakasta ikusita, eskaintza zabaldu dute antolatzaileek. Marie Pérès Planning Familialeko kideak azaldu duenez, hamabi pertsona igurikatze zerrendan daude. Arrakasta ikusita, etorkizunean proposamena errepikatzeko borondatea du egiturak.

Stéphane Lacombe ikastaro emaileak azaldu duenez, bere helburua parte hartzailak gairekiko sentsibilizatzea da. Halaber, norberak bere buruarengan konfiantza gehiago lortzea nahi du, "erasoei aurre egiteko, baita eguneroko bizitzan ere: lanean eta jendearen aurreko hitz hartzeetan, adibidez".



Besten denboran, berriz, bortizkeria sexistaren aurkako plataformaren baitan lana eginen du elkarteak. Hiriko beste elkarte batzuen laguntzaz harrera zerbitzu bat plantan emanen du egunero 16.00etatik 21.00etara Roland Barthes zelaigunean.