Aitor SERVIER

Lan, bizi eta ikasteko, guk Euskal Herria

IRITZIA- Uztailaren 14an ospatzen den Estatu frantsesaren besta dela eta, bere aldarrikapenak mahaigaineratu ditu Aitzinak. Aitor Servier mugimenduko kideak gazteek Euskal Herrian "lan egin, bizi eta ikasi" nahi dutela nabarmendu du.

«Guk Euskal Herria!» lelopean egin du manifestazioa Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)
«Guk Euskal Herria!» lelopean egin du manifestazioa Aitzinak. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Gazteak gara eta Euskal Herrian lan egin, bizi eta ikasi nahi dugu. Baieztapen honek ezin sinpleagoa dirudi. Baina, gaur egun, gure herrian bizi-proiektu duin bat eraikitzeko oztopo nabarmenak ditugu. Abertzale eta ezkertiarrak izanik, Euskal Herrian, lan, bizi eta ikasteko borroken koherentzia azpimarratu ohi dugu uztailaren 14ko mobilizazioetan. Frantziaren jai egun nazionala, Euskal Herriaren ukazioaren eguna da. Hizkuntzan eta kulturan oinarritzen den nortasuna aldarrikatzeaz harago, Frantses Estatuaren menderakuntza sistema salatu eta Aitzinaren proiektu politikoa plazaratzea dugu helburu.

Gazte problematikak agenda politikoan kokatzea dagokigu. Gu gara turismo masiboaren garaiotan lan prekarioetara kondenatuak direnak ; gu gara espekulazioaren erruz gure herrietan bizitzerik ez dugunak; gu gara lan egin edo ikasteko Euskal Herria utzi eta Paue edo Bordelera jo behar dugunak.

Zorionez, Baxoa Euskaraz egiteko lanean ari den garen gazteria ere bagara ; gaztetxeetan kultura biziarazten duena ; bortizkeria matxistaren aurka antolatzen dena ; etxebizitza eskuratzeko borrokatzen dena eta errefuxiatuei elkartasuna adierazten diena. Horra hor, gazteok daramatzagun zenbait borroka eraldatzaileren adibidea. Gazteria askapen prozesu ororen hauspo izan da eta izanen da gure herrian.

Hezkuntza eta hizkuntza politikak, lurraldearen antolaketa, lan-baldintzak edo Hego Euskal Herriarekin ditugun harremanank... Honetaz guziaz, bertan erabaki nahi dugu. Paue, Bordele edo Parisen erabakien gainetik, geroa gure eskuetan hartzeko garaia da !

Baiki, Euskal Elkargoaren sorrerak Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala ekarri du. Hala ere, eskumen mugatuak dituen instuzio hau, Frantses Estatuak eskeini nahi digun lehen eta azken ezagupena da. Euskal Elkargoa asimilazio eta normalizaziorako kuadroa bilaka ez dadin, proposamen indarra izatea, protestak sustatzea eta kontra-botereak eraikitzea dagokio herri mugimenduari.

Frantses Estatuak inboluzio sozialera garamatza. Orain, nehoiz baino gehiago, borroken bateragarritasunarengan sinisten dugu. Bizitza hobea helburu, proiektu emantzipatzaile batekin eginen diogu aurre zerbitzu nazionalaren berrezarpena adibidetzat duen gobernuaren oldarraldi nazionalistari. Euskal Herrian, lan, bizi eta ikasi nahi duen ororentzako zerumuga bat nahi dugu. Ez dugu espekulatzaile eta esplotatzaileen Euskal Herririk nahi ; ezta G7a beso-zabalik jasoko dutenena ere. Alternatiba kultural, politiko eta sozialen Euskal Herria eraikiko dugu.