Etorkinen sustengu martxa abiatu da

Baiona eta Hendaia lotuko dituen bi eguneko ibilaldia hasi da. Etorkinen alde borrokatzen diren pertsonak, 70 bat,  René Cassinen sortetxearen aitzinean bildu dira lehenik.

KAZETA|13/07/2018 16:05|0 commment
Guz_bizi_marche_refugies_bobedme103
Frantses Estatuko festa nazionalaren egunean helduko dira Baionatik abiatu diren ibiltariak Erretentzio Zentrora. © Bob EDME

"Erretentzio administratibo zentroak soilik hobengabeendako kartzelak dira. Ezin dugu hori onartu, eta Bastillaren hartze egunaren urtebetetze bezpera honetan, gure aldi da Hendaiako Erretentzio Zentrora ibiltzea!" Hitz horiekin abiatu da Baionatik, uztailaren 13 honetan, Bizik antolatu duen etorkinekin elkartasunezko ibilaldia.

Hendaiaraino dauden 50 kilometroak zapaltzen hasi aitzin, Giza Eskubideen Kartaren egile René Cassinen sortetxearen aitzinean bildu dira 70 bat pertsona eta multzo koloretsu bat osatu dute. Orotara, 90 bat pertsonek eman dute izena ibilaldian parte hartzeko. Batzuek osoki eginen dute, besteek zati batzuk.

Biziko kide Coline Gayouk eta Eneko Bellanek ekimenaren izpiritua berretsi dute, Cassinek idatzitako hitzak gogoratuz : "Gizon-emazte guziak libre sortzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituzte; eta adimen eta kontzientzia dutenez geroz, elkarren artean senide legez jokatu behar dute." Gaur egun etorkinek jasaten duten egoera ikusirik, beharrezkoa iduritu zaie oroitaraztea.

Euskararen aldeko Korrikaren ber gisan, lekuko bat eskuz-esku iraganen da ibilbidean zehar. Horren barnean, etorkinen aldeko sinbolo den pertsonalitate batek idatzi mezu bat izanen da eta, Hendaiako Erretentzio Zentrora heltzean, uztailaren 14ean, irakurriko dute. Marie Cosnay idazleak, Beñat Achiarry kantariak, Beñat Elizondo musikariak, Régine Béziat Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako lehendakariak, Grezian  etorkinak laguntzeagatik preso izan den Mikelonek, Marko marrazleak, Maialen Errotabehere kantariak, Alec Cadi Cimadeko arduradunak eta  Florence Warembourg Biziko kideak atxikiko dute ibilaldiaren ikurra.

Geriza-Immigrazioa lege proiektua

Memento honetan eztabaida gai den Geriza-Immigrazioa lege proiektua salatu dute ekimenaren sustatzaileek, azpimarratu dutenez, erretentzio denboraren bikoiztea aurreikusten baitu. Bestelako logika bat defendatu dute haiek : "Etorkinei buruz behar dugu harrera, ardura eta elkartasun politika bat proposatu; ez errepresio eta atxilotze politika bat."

Bost kilometroro geldialdi bat eginen dute ibiltariek. Arbonako plazan sustengu gaualdi batekin bururatuko da gaurkoa, arratsaldeko 7etatik aitzina. Biziko kideek azken bi kilometroetan parte hartzeko deialdi berezi bat egin dute. Pausuko Xaia ostatuan eman dute hitzordua, 15.45etan, denak betan Erretentzio Zentrora abiatzeko.