Baionatik Hendaiara oinez, etorkinen alde

Lapurdi kostaldea zeharkatuko duen martxa antolatu du Bizik uztailaren 13 eta 14rako. Etorkinen eskubideen alde burutuko duen ekimena René Cassin idazlearen etxetik abiatuko eta Hendaiako Etorkinen Erretentzio Zentroan bukatuko da.

Kazeta|11/07/2018 07:00|0 commment
Unnamed
Etorkinen aldeko ekimena Baionan.

"Etorkizuna" lemapean iraganen den ekimenak berrogeita hamar kilometro eginen ditu. Giza eskubideen adierazpen unibertsala idatzi zuen René Cassinen etxetik abiatuko da uztailaren 13an. Biharamunean, Bizirentzat "hobengabeen kartzela" den Hendaiako Erretentzio Zentroan bukatuko da.

Orotara, hamar etapa gaindituko dituzte parte hartzaileek. Antolatzaileek diotenez, etapak osoki edo zatika egin ahalko dira. Haatik, izena ematea beharrezkoa da.

Baionatik abiatu eta, Arbonara ailegatuko dira ibiltariak eta bertan lo egiten ahalko dute. 19.00etan sostengu gaualdi bat iraganen da pilota plazan.

Biharamunean, 09.00etan, Arbonatik abiatu eta Pausuraino ibiliko dira 15.45ak aldera. Bizik Xaia ostatuaren aitzinera hurbiltzeko deia luzatu du. Bertan, harrera eginen diete ibiltariei eta azken bi kilometroak elkarrekin burutuko dituzte.

Ez da lehen aldia elkarteak antzeko ekimen bat antolatzen duela. Hain zuzen ere, martxoaren 24an Hendaiako Erretentzio Zentroak bere ateak berriz ideki behar zituen egunean, mobilizazio bat prestatu zuen egoitzaren aitzinean. Bolondresek bere burua aurkeztu zuten migratzaileentzat diren tokiak hartzeko.