Kazeta

Sanferminak: bederatzi eguneko bestaren abiatzea

Jada zartatu da besta Iruñean. Hemendik aitzina, bederatzi egunez jai giroa hedatuko da hiri osoan. Eguerditan iragan den txupinazoak hasiera eman dio milaka pertsona bilduko dituen bestari.

Eguerditan, Motxila 21 Down sindromea duten gaztez osatutako rock taldeak hasiera eman die ofizialki Sanferminei. Herriko etxeko balkoian ikurrinaren falta sumatu dute plazara hurbildu diren milaka bestazaleek. Joseba Asiron auzapezak mehatxu juridikoak direla eta ikurrinarik ez duela jarriko iragarri du. Horren ordez, "debekatutako identitateak" daudela erakusteko, hutsik utziko du mastetako bat. Hala ere, plaza erdian herritarrek atxiki duten bandera xuri-berde-gorri handi bat zegoen.

Aurtengo edizioan 490 ekitaldi inguru izanen dira. Adin eta gustu guzientzat zuzenduriko animazioak izanen dira hainbat tokitan. Iruñeko Herriko Etxeak 1.336.000 euro bideratuko ditu bestetarako. Egitarau osoa hiriko 58 erakunde eta elkarteren laguntzaz osatu du.

Berritasunen artean, gazteentzat prestatutako gune berri bat atzematen ahalko da: Kirol Ari.
Gaueko 22.30ak arte, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduriko animazioak proposatuko ditu Foruen Plazan. Ondotik, Euskal Herri zein nazioarte mailan ezagututako artistak oholtza gainera igoko dira. Hala nola, Berri Txarrak, La Pegatina, l'Iseo & Dodosound with The Mousehunters eta Nathy Peluso. Gainera, uztailaren 8tik 14ra herri kirolen erakusleihoa bilakatuko da plaza.

Beste urte batez, Gaztelu plazan ere hainbat kontzertu antolatu ditu Herriko Etxeak: DJ Oihan Vega, DJ Pablito Mix, Puro Relajo eta ABBA The New Expérience.

Eraso sexisten kontra

"EraStop" sexu erasoak salatzeko aplikazioa aurkeztu du Herriko Etxe nafarrak. Sakelekoan deskargatzen den euskarriari esker edonork alarma helarazten ahalko dio Udaltzaingoari. Honek abisua eman duen oro non dagoen ikusi eta hari laguntza eskaintzen ahalko dio.

Hiru botoi izanen ditu aplikazioak: "Eraso bat sufritzen ari naiz", "Eraso bat salatu nahi dut" eta "Lagundu nazazu". Lehen aukeraren bidez, udaltzaina berehala mobilizatuko da pertsona dagoen lekura. Bigarrena, sexu erasoen lekukoek erabiltzen ahalko dute. Azken aukeraren bidez, erabiltzaileek beren sakeleko agendako kontaktu bat hautatu eta etxeraino "birtualki" laguntzeko eskaera bidaltzen ahalko diote.