Seaskari babesa adierazi dio Akitania Berria Eskualdeak

Irakasle zein burasoek brebetako zientzietako azterketa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu ondotik, Bordelen, babesa helarazi dio Seaskari Akitania Berria Eskualdeak.

Kazeta|05/07/2018 16:15|0 commment
Brebeta
Seaskako buraso eta irakasleen mobilizazioa Bordelen. © Iurre Bidegain

Errektoretzak brebetako zientzietako euskarazko frogak "bahitu" eta, Seaskari elkartasuna adierazteko xedez, agiri bat zabaldu du Akitania Berria Eskualdeko Kontseiluak.

Akitania Berriaren egitasmoan, tokiko hizkuntzen aitorpena funtsezkoa dela dio Eskualdeko kontseilaria den Charline Claveau-Abbadiek. Oso garrantzitsutzat jo du objektibo amankomunen errespetua, eta kolegioko ikasleak ez zigortuak izatea.

Halaber, oroitarazi ditu Emmanuel Macronek Quimperren ekainaren 21ean eginiko adierazpenak: "eskualdeko hizkuntzen irakaspenari eutsiko diogu". Eskualdeko kontseiluaren aburuz, Errektoretzaren jarrerak ez luke Macronen adierazpenen kontra jo behar, jakinik, garai hauetan frantziar Estatuko hezkuntza arloan erreforma garaia dela.

EH Bairen ihardokipena

Bere aldetik, euskara bezalako hizkuntzak zapaltzen dituen "ikuspegi jakobinoa" salatu du EH Bai alderdiak. Badira hiru aste Euskal Elkargoak euskara eta okzitaniar hizkuntzen ofizialtasuna onartu duela oroitarazi du agiri baten bidez. Irakasle, ikasle eta burasoek antolatuko dituzten mobilizazioei adi egonen dela dio.  



RELATED NEWS