Aimar Lopez Erasun

Ekaineko errutina

[IRITZIA] Brebeta eta baxoa azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatuko du ekainaren 18an. Aimar Lopez ikasleak egoera azaldu du Eleka sailean.

Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek. ©Isabelle Miquelestorena
Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute ikasleek. ©Isabelle Miquelestorena

Aurten ere iritsi da ekaina, ikasleontzat buruko minaren sinonimo den hilabetea, azterketa garaia. Ipar Euskal Herrian, frantses estatu osoan bezala, baxoa egin behar dugu lizeoko azken bi urteetan garen ikasleok, espainiar estatuko selektibitatearen pareko. Bigarren hezkuntzaren amaieraren adierazle den froga hau abantzu osorik frantsesez egin behar dugu, ikasketak euskaraz eginagatik ere.

Irakasleei galdegin diegu hau nola erraten den frantsesez, hura nola idazten den, eta baxoko frogan hitzak atzematen ez baditugu, zer egin. Guretzat berria dena, urterokoa dute haiek; ikasturtean zehar euskaraz irakatsitakoa frantsesez laburtzea ekaineko errutina da Bernat Etxepare lizeoan.

Seaskaren murgiltze sisteman ikasle garen 3.700 haur eta gazteok euskaraz ikasi dugu ttipidanik, ikasgai eta kontzeptu guztiak euskaraz gureganatuz. Hala ikasi ditugu biologiako terminoak eta taula periodikoko izenak, hala ditugu buruan. Alabaina, urteetako bo-rrokaren ondotik, bi gai bertzerik ezin ditugu euskaraz egin, betiere enuntziatua fran-tsesez izanik; bertze gai guzietan, erantzunak ere erdaraz. Bertze modu batean erranik, ikasitakoa berrikusi beharrean, berrikasi behar dugu.

Ekaineko errutina da legea alde izan arren Parise aurka dugula ikustea, ikasketak burutzen ditugun hizkuntzan ebaluatuak izateko eskubidea idatzia egon arren, ukazioa guk ere jasanen dugula ulertzea.

Ipar Euskal Herrian euskarazko hezkuntzarentzat garai ilunak diren hauetan, kolorezko tixertekin josi genituen Baionako karrikak maiatzaren 4an Seaskako ikasle, langile, guraso eta hurbilekoek. Oraingoan, urtero bezala, ebaluaketa-gelak koloreztatu beharko ditugu alda-rriz, errutina hau utzi nahi dugula Parisen aditu dezaten. Ipar Euskal Herriak hezkuntza ikuskaritza propioa behar duela argi gelditu da aurten, bertako errealitate linguistiko, demografiko, kultural eta soziala kontuan hartuko dituen euskal eskola eraikitzeko bidean.

25 irakasle postu berriren ordez 5,5 ematearekin ikasle euskaldunoi zigor gehigarri bat inposatu nahi digute; ikas-baldintza duingabeak eta hizkuntza eskubideen ukatzea aski ez bailiran, ikasgeletan metatu nahi gaituzte, eta batez ere, euskara hu-tsezko ikasketa sistema zapaldu. Ikasleok betidanik argi izan dugu gure sehaska defendituko dugula, Sohütatik Hendaiara, Ziburutik iraganez. Gure gurasoek egin duten hautua gure etorkizunaren aldekoa dela badakigu, guregatik utzi dutela izerdia Herri Urratseko txandetan, ganbara husteetan taloak egiten eta berandurarte irauten duten bilkura amaiezinetan; ezin gara geldirik egon. Ikasleok, bizi dugun errealitateaz nehor baina hobeki jabetzen garen heinean, gure problematikak plazaratu behar ditugu beldurrik gabe, txanda gurea baita orain Euskal Herria eraikitzeko.

Bide horretan baina, hamaika bidelagunen beharra ezinbestekoa dugu. Horregatik, dagokigun lehen lana ikustaraztea da. Baxoa euskaraz egin ahal izatea gure eskubidea dela argi dugunok, kasua argitara eraman behar dugu. Kolegioetako ikasleei brebeta euskaraz egiteko iaztik ezartzen ari diren traben aitzinean, iazko ikasleek eduki zuten ausardia azpimarratzekoa da; hezkunde nazionalari ezezkoa argi eta garbi erran zieten, azterketa euskara hutsean betez. Bidea intsumitzea delakoan nago, baxoaren kasuan zailagoa den arren. Arazo berriek abagune berriak ere idekitzen dituztela, eta heldu den urtean Etxeparetik oihu gazte bat aterako dela erranen nuke, gure eztabaidak eztabaida, aitzina segitzeko itxaropentsu jarrai-tzen baitugu. Egun euskaraz egin daitezkeen baxoko bi frogak borrokari esker lortu baitziren, eta hurrengoak ere hala lortuko direlakoan.

Urteroko errutina da ekaineko errutina hausten saiatzea. Aurten ere, Brebeta Euskaraz alda-rrikatuko dute gure anai-arreba, lehengusu eta lagun gazteagoek. Kamiseta berdea prest dugu guk ekainaren 18rako.