Ipar Euskal Herrian goi hezkuntza garatzeko xedearekin

Lehen Konferentzia Unibertsitarioa antolatu ondoren, arloka atelierak osatu dituzte hautetsiek eta goi hezkuntzako eragileek.

Goizeder TABERNA|14/06/2018 06:45|0 commment
Iut_fac_universite_14
Paueko eta Aturri eskualdeko unibertsitateak ikasleen %50a biltzen ditu, baina ez da goi hezkuntzako eragile bakarra.

Ipar Euskal Herriko formakuntzako eragileak elkartu zituen Euskal Elkargoak, ekainaren 5ean. Eskumena hartu zuenetik lehen Konferentzia Unibertsitarioa antolatu du erakunde gazteak eta urtero errepikatzeko asmoa du. Eragile guziak norabide berean lanean aritzeko, Unibertsitatearen Garapen Gida-eskema dute erreferentzia. Haien helburua, 8.000 ikasleko "euskal campusa" eraikitzea da.

Lurralde horretan diren berrogei eta hamar bat hezkuntza erakundeek 2017an Euskal Elkargoko hautetsiek bozkatu zuten gida-eskemaren egokitasuna eztabaidatu dute lehenik eta, ondoren, arloka antolatutako atelierrak finkatu dituzte. Irailetik aitzina, bost lantalde arituko dira gogoetan, nazioarteko ikasketen, ingeniaritza eta numerikoaren, enpresen eta berrikuntzaren, ikasleen biziaren eta euskal campusaren irudia arloetan.

Ikusgarritasun eskasaz jabeturik, goi hezkuntzaren eremuan dagoen eskaintza agerian nola utzi dute erronka. Azken talde horrek hori landuko du. Baina irudia lantzeko beste manera lehentasunezko ikasketa adarrak zehaztea izan da. Euskal campusarekin identifikatuko diren lau bikaintasunezko ikasketak zerrendatu dituzte eragileek. Horiek dira nazioarteko ikasketak, eta horretan sartzen dira euskal ikasketak, ingeniaritza eta numerikoa, eraikuntza eta antolaketa jasangarria, ingurunea eta ozeanoak.

Ipar Euskal Herriko hezkuntza arloa indartu nahi dute, beranta handia duela argi baitute. Gaur egun, 6.000 ikasle dira Baionan eta Angelun nagusiki, unibertsitatetik hasirik, ingeniaritza eskolatik iraganez, hiru herrialdeetan diren lizeoetaraino. Euskal Elkargoak eskainitako zenbakien arabera, 24 ikasle dira 1.000 biztanlerentzat. Akitania Berria Eskualdean den La Rochellekin konparatzen du erakundeak proportzioa eskasa dela adierazteko, izan ere, 100 ikasle baitira 1.000 biztanlerako.

Goi hezkuntzako politika publikoak zuzentzeko, 1,3 milioi euroko funtzionamendu buxeta du Herri Elkargoak, diruztatzen dituen eraikinen lerroa kendurik. Proiektu deialdiak jada iragarri ditu. Formakuntza berriak idekitzeko 220.000 euroko deialdia eginen du heldu den irailetik aitzina. Ekainean zehar gauzatzen ari diren beste bi iragarpen egin ditu, lehena ikerketa deialdia 30.000 euro eskainiko dituena sei burtsarentzat eta, bigarrena, 20.000 eurokoa, ikasleei zuzenduriko ekimenak diruztatzeko.