Kazeta

Etxe baten inguruko kalapita Donapaleun

Donapaleuko auzapezak Herriko Etxeak "Villa Florence" erostea nahi du osasun etxe bat egiteko. Alta, osasun etxe hori beste nonbait eraiki nahi du Euskal elkargoak.

Villa Florence Aiziritzeko mugan dago.
Villa Florence Aiziritzeko mugan dago.

Donapaleuko Herriko Etxeak "Villa Florence" etxea erosi nahi duela osasun etxe bat egiteko jakin zen maiatzaren 30ean, iragan zen azken herriko kontseiluan. Auzapeza den Jean-Jacques Loustaudaudinek kontseiluak erabaki bat har zezan nahi zuen etxea erosiz, gero Euskal elkargoaren esku uzteko.

450.000 eurotan salgai zela etxea abisatu zuen auzapezak. Ospitaletik hurbil dago eta ospitaleko zainketa kontseiluko presidentea da hain zuzen Jean-Jacques Loustaudaudine. Osasun etxe baten egitasmoarekin bat egiten du oposizioak, baina ez du ulertzen zergatik Herriko Etxeak erosi behar lukeen etxe hori, gero Euskal elkargoaren esku uzteko.

"Operazio zuri" bat dela dio aldiz auzapezak. Oposizioko hautetsien batzuen arabera, operazio zuria da emaile "ezezagun" bat badelako atzean. Hain zuzen, emaile hori auzapeza bera izanen litzateke. Egia den ala ez, ez du erantzun nahi izan Jean-Jacques Loustaudaudinek Mediabaskek deitu duenean.

Erosketaren erabakia ondoko herriko kontseiluan hartuko dute azkenean hautetsiek. Balioztapen publiko bat egin beharko da lehenik. Euskal elkargoak aldiz, osasun etxe hau beste toki batean pentsatu du egitea, eta lurra erosi du. Auzapezak zergatik erosi nahi duen jakin nahi dute oposiziokoek baina oraingoz erantzunik ez dute. Dosier guzia atzematen ahal da Mediabask webgunean.