Maider Aguerre
Azkarateko ikastolako irakaslea

Seaskak aldarrikatzen dituen hogeita bost lanpostuen aldeko mobilizazioa antolatu dute federazioko irakasle eta langileek, ekainaren 13an, Uztaritzeko Akademia Ikuskaritzan. Maider Aguerre Azkarateko ikastolako irakasleak ekimenaren testuingurua azaldu eta "geroz eta okerragoak" diren lan baldintzak deitoratu ditu.

Maider Aguerre: “Bidea erraztu ordez oztopo gehiago jartzen dizkigute”
Iurre BIDEGAIN|12/06/2018 06:50|0 commment
Guz_seaska_prentsaurrekoa_kexu_sara_imiquelestorena08
Ekimena Uztaritzeko Akademia Ikuskaritzan iraganen da 14.00etan ekainaren 13an. © Isabelle MIQUELESTORENA

Proposatzen duten kopuruarekin ikastolen bi herena baino gehiago baldintza txarretan izanen da

Nahi duguna da hezkuntza lehentasuna izatea eta berriz ere frogatu dute ez dela beren lehentasunetan

Federazioak bizi duen "lanjerra" irudikatzeko, ekainaren 13an iraganen den elkarretaratzera beltzez jantzita joateko deia luzatu dute irakasle zein langileek. Mobilizazioa Uztaritzeko Akademia Ikuskaritzan iraganen da. Maider Aguerre Azkarateko ikastolako irakasleak azaldu duenez, Jocelyne Dejoux ikuskariari hitzordu bat galdegin diote beren arrangura adierazteko.

Zein da mobilizazioan entzunaraziko duzuen aldarrikapena?

Heldu den ikasturteari begira, ez dugu onargarria atzematen Hezkuntza Nazionalak proposatzen duen postu kopurua. Seaskak argi adierazi du hogeita bost postu behar dituela. Hasieran ez genuen bat ere ez ukan behar eta borrokaren bidez, bost eta erdira ailegatu dira. Ohartzen gara Pierre Barrière jaun ikuskariak ez duela Seaska eta Hezkuntza Nazionalaren arteko hitzarmena errespetatzen eta ez du gogorik errespetatzeko ere.

Borrokaren bidez gauzak lortzen ditugu. Burasoak mobilizatu dira, beraz orain gure aldia da. Ekaina bukatzen ari da eta ezin dugu ikasturtea horrela bukatu.

Zein eragin du ezjakintasun horrek antolaketa mailan?

Normalki ekaina hasierarako gure sartzea antolatua dugu. Aurten ezin prestatuz ari gara posturik eskaintzen ez baitute. Azpimarratzekoa da 230 bat ikasle gehiago ukanen ditugula irailean. Proposatzen duten kopuruarekin ikastolen bi herena baino gehiago baldintza txarretan arituko da.

Baldintzak "zinez" okertuz doazela deitoratu duzue agiri baten bidez. Nolakoa da irakasleek bizi duzuen egoera?

Badira postu batzuk ireki behar direnak. Baigorriko ikastolan, adibidez, kopurua tipiagoa da baina behar diren postuak ez badira eskaintzen, zortzi maila ukan ditzake irakasle bakar batek. Kopurua 30-35 haur arte igo daiteke.

Egoera horretara helduz gero, irudika dezakezu klasea ematea 50 ikasle parean izanki?

Ez. Irakaskuntzaz mintzo gara, ez gara haurtzaindegiaz ari. Sartu gara Seaskan bere ereduan sinisten baitugu. Badakigu euskara kenka txarrean dela eta murgiltze ereduaren bidez haurrak euskalduntzeko parada dugu.

Bidea erraztu ordez, oztopo gehiago jartzen dizkigute. Nahi duguna da hezkuntza lehentasuna izatea eta berriz ere frogatu dute ez dela horrela haientzat. Aspertuak gara. Euskarazko kalitatezko hezkuntza bat eskaini nahi dugu.