Kazeta

Erabakitzeko eskubideak ziklo berriari eutsi dio

Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza kateak 175.000 pertsona bildu ditu ekainaren 10ean. Donostia, Gasteiz eta Bilbon iragan den ekimenari esker erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida geroz eta indar gehiagorekin presente da agenda sozialean, baita politikoan ere.

Eskuz esku lotu dira 175.000 pertsona erabakitzeko eskubidearen alde. Beste behin ere Gure Esku Dago dinamikak bere parioa lortu du. Euskal Herri osoko herritarrak elkartu dira etorkizunari buruz beren iritzia plazaratu nahi dutela adierazteko.

2014an iragan zen giza katearekiko, asteburu honetan iragan denak zehatzagoa zuen helburua. Hots, Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida Gasteizko Legebiltzarreraino eraman nahi du. Hain zuzen ere, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiak izan beharreko estatus politiko-juridikoaren baitan erabakitzeko eskubidea jasotzea nahi du.

Erretretadunak, langileak, langabetuak, mugimendu feminista, independentistak… Gizartearen arlo gehienak presente ziren ekainaren 10ean Gasteiz, Bilbo eta Donostia artean iragan zen ekimenean. Kataluniako lagunek ere ekimenarekin bat egin zuten, hala nola, ANC Biltzar Nazional Katalaneko kideek. Halaber, Carles Puigdemont presidente ohiak "anaiak diren bi herriek duten indarra" goraipatu zuen sare sozialetan.



Alderdi politikoei dagokienez, EAJ, EH Bildu eta Ahal Duguk giza katean parte hartu zuten. Gasteizko PP alderdia kontra agertu den bakarra da.



Gure Esku Dagok ekimenari buruzko bilan baikorra plazaratu du. "Ziklo berri baten hasiera" dela nabarmendu du: "bizikidetzaren, burujabetzaren eta erabakiaren aro berria". Azken lau urteetan burututako lanari esker erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida bizirik dago gizarte zibilean. Ikusteke dago nola zabalduko ote den gaia Ipar Euskal Herrira eta Nafarroara.