Erabakitzearen aldeko arrazoiak eskuz esku lotu

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza kate berri bat antolatu du Gure Esku Dagok ekainaren 10erako. Parte hartzaileek erabakitze eskubidearen alde egoteko arrazoiak zapi batean idatzi eta elkar lotuko dituzte.

Kazeta|08/06/2018 07:25|0 commment
Loading player...

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea osatzeko 100.000 herritar biltzea. Hori da Gure Esku Dago (GED) dinamikak duen xedea. Ekainaren 10ean iraganen den ekimenak erabakitzeko eskubidearen alde ekin nahi du, beste behin.

Sortu zenez geroztik ikasi eta lortu duenaren emaitza erakutsi nahi du Gure Esku Dagok. Gaur egun arte, 180 herritan galdeketak antolatu ditu. 177.000 pertsona baino gehiagok beren iritzia plazaratu dute.

Heldu den ekimena "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizaziorik handiena, potenteena, jendetsuena" izanen dela dio. 2014an antzeko ekimen batek Durango eta Iruñea lotu zituen. Aurtengoak 75 kilometro gehiago (201,9km orotara) izanen ditu. Donostiako itsasertzean hasiko da eta Arabako hiriburuaren lautadan bukatuko; zehazki, Gasteizko Legebiltzarraren parean bukatuko da.

Ekimen berriarekin erabakitzeko eskubidearen aldeko arrazoiak erakundeetara bideratzeko helburua du Gure Esku Dagok. Hain zuzen, giza katean parte hartuko duten herritarrek erabakitzeko eskubidearen alde egoteko beren arrazoiak azaldu beharko dituzte eskuan eutsiko dituzten zapietan. Parte hartu ahal izateko izena eman behar dute bost euro pagatuz.

Euskal Herriko hiriburuak batzea dela helburua azpimarratu du mugimenduak. Gainerako lurraldeetan ere horretarako aukera izatea espero du. "GED Euskal Herri osoan eragiteko jaio zen eta horretan jarraituko dugu, baita Nafarroa Garaian, Baxenafarroan, Lapurdin eta Xiberoan ere".

2019 arrazoi

Erabakitzearen aldeko 2019 arrazoi bildu nahi ditu Gure Eskuk Herri Itun batean. Bere iritziz, heldu den urtea erabakigarria izanen da erabakitzeko eskubideari dagokionez. Arrazoi horiek biltzen hasteko mahai inguruak antolatzeari ekin dio. Orain arte, 1.000 arrazoi inguru bildu ditu.

Anitzak dira giza kateak jaso dituen elkartasun keinuak. Argentinako Euskal Diasporaren sostenguaz gain, Euskal Herriko 200 auzapez baino gehiagok babesa helarazi diote. Askatasun osoz eta demokratikoki erabakitzeko eskubidearen alde jotzen duen agiria izenpetu dute. Halaber, ariketa gauzatu ahal izateko beren engaiamendua azaldu dute. Izenpetzaileen artean, Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Bilboko auzapezak presente dira.