Manex Pagola zendu da

Manex Pagola abeslari eta idazle baxenafartarra hil da gaur Baionan. Euskal kantagintzan erreferente izan zen, izan ere dozenaka abesti idatzi baitzituen eta bereziki Pantxoa eta Peioren bitartez Euskal Herri osoan hedatu direnak: ‘Urtxintxak’, ‘Kanta aberria’, ‘Azken dantza’...

KAZETA|07/06/2018 17:00|0 commment
Ber_manex_pagola_euskal_museoa_imiquelestorena03_1_
Manex Pagola, "Bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015)" liburuaren aurkezpenean. © Isabelle MIQUELESTORENA

Manex Pagola gaur hil da Baionan, 77 urte zituela. Agurra heldu den astelehenean egingo diote Urketan, 15.00etan.

Landibarren sortua, Nafarroa Beherean, Antropologia Sozial eta Kulturalean doktorea zen eta Baionako Euskal Museoko kargudun ohia izan zen. Seaskaren eta Enbataren sortzaileetako bat ere bazen.

Musika zaletasuna elizan piztu zitzaion, eta ondoren Etxahun-Iruri eta Etxahun Barkoxeren kantuekin Euskal Herria bazela jabetu zen. Mixel Labegerieren musikarekin euskarazko sorkuntza modernoa eta garaikidea deskubritu zituen. Euskal kulturari ekarpena egiteko, lehendabizi bertsoak idazten hasi zen, eta abestien letrak ondoren.

Bere 77 urteetan 120 kanta baino gehiago idatzi zituen arren, bi disko bakarrik grabatu zituen bakarka, ez baitzizaion estudioko lana: bata Elkarrekin, 1972an, eta bestea Burgosko prozesuko auzipetuei elkartasuna adierazteko, Goiztiri diskoetxearekin.

Ez Dok Amairu taldeak Baga Biga Higa ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusita, Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait sortzea bururatu zitzaion 70eko hamarkadaren hasieran, eta horrela abiatu zen ‘Zazpiribai’ ikuskizuna sortzeko bidea. Pagolarekin batera, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bildu ziren egitasmo hartan. Bederatzi emanaldi egin zituzten.

Herrigintzan

Bere kantuek besteek abestuta harrera ona zutela ikusita, kantatzeari uztea erabaki zuen, baina idazten jarraitu zuen.

Pantxoa eta Peiok egin dituzte ezagun Pagolaren abesti gehienak –‘Urtxintxak’, ‘Kanta aberria’, ‘Azken dantza’...–, baina Anje Duhaldek, Erramun Martikorenak, Maite Idirinek, Jean-Noel Bessonartek eta Martxel Bravek ere abestu dituzte baxenafartarraren kantak.

Musikaz aparte, herrigintzan, mugimendu abertzalean eta euskalgintzan ere lan handia egin zuen Pagolak. ‘Manex Pagola, bere kantagintza eta argibide zonbait (1958-2015)’ liburuan bere bizitza jasotzen da. Horren karira elkarrizketa egin zion Kazeta.eus-ek.
Sarako Idazleen Biltzarrean omenaldia jaso zuen 2014an.