Ehun eta hamabost mila euro. Hori da Integrazio Batzordeak eskuratu nahi duen diru kopurua, Ipar Euskal Herriko ikastoletan dauden ahalmen urriko eta haur elbarrituak laguntzeko asmoz. "Aurten, Integrazio Batzordeak lagundutako 100 haurren muga hunkitua da" adierazi du elkarteak.
Aurtengo kanpaina joan den martxoaren 31n hasi zen. Dirua lortzen segitzeko, Brik a Brak erraldoi bat antolatu du Integrazio Batzordeak ekainaren 9 eta 10rako, Uztaritzeko Kiroleta gelan. "Jakin ekimen honek etekin handia ekartzen duela eta horretarako zuen parte hartzea ezinbestekoa da" jakinarazi du elkarteak.
Edonork parte har dezake ekimenean, erosketak eginez, lan txanda batentzat izena emanez, etxeko sabaian pilaturiko material guztia ekarriz, edo bizkotxak prestatuz.
1999ko udan sortua, Ipar Euskal Herriko ikastoletan eskolatuak diren ahalmen urriko haurren buraso eta adixkideen elkartea da Integrazio Batzordea. Ikasle horiek beren hezkuntza behar bereziei egokitutako erantzunak ekartzea du helburuetako bat.