Baionako Espainiako kontsulatuan Altsasuko gazteen aldeko ekintza

Arratsaldeko ordu bata eta erdietan puntuan zurubia bat zeramaten bi gazte agertu dira Espainiako Gobernuak Baionan duen kontsulatuaren aitzinean. Haien atzetik, euripean, banan-banan zortzi gazte igo dira egoitzako lehen solairuan den barandara.

Haritz LARRAÑAGA|06/06/2018 06:35|0 commment
Guz_ekintza_aitzina_altsasu_consulat_espagne_baiona_imiquelestorena07
Epaitutako Altsasuko gazteak atxilotzen zituzten egunean antolatu du ekimena Aitzinak, kartzela zigorrak salatzeko. © Isabelle MIQUELESTORENA

Espainiako bandera gorri-horia eta "Consulado general de España" dioen plakaren alde bakoitzean kokatu dira jarraian, lau alde bakoitzean, eta Altsasuko zortzi gazteen irudiak eta haien izenak agertzen ziren afixak zabaldu dituzte. Haien azpian, kontsulatuko atean, dozena bat lagun elkartu dira "Altsasukoak aske, libération des jeunes d’Altsasu" zioen pankarta batean atzean.

"Injustiziaren aurrean elkartasuna", "Altsasuko gazteak askatu" edo "euskal gazteria aitzina" bezalako leloak oihukatzeari ekin diote, euskaraz eta frantsesez, kantoietako begiluzeek entzun eta ulertzeko moduan. Jakinminak erakarrita, pixkanaka jendea zer gertatzen zen ikustera gerturatu da eta inguruko leiho eta balkoietan ere bizilagunak paratu dira. Kalez jantzitako poliziak ere agertzen hasi dira, eta ordu laurden baten ostean lehen sirenak entzun dira.

Auzoko etxeetako batetik garrasi ozen bat entzun da bat-batean, "Courir" zioen. Auzokide batek, ondoko karrika batetik hogei bat polizia zetozela ikusi ondoren, korrika egiteko abisua eman nahi izan die gazteei. Aitzinako gazteek aldiz, lasai jarraitu dute, auzotar guztiek entzuteko gisan lemak oihukatzen.

Aitor Servierek hitz egin du, poliziekin lehenik eta, prentsarekin jarraian. "Altsasuko gazteen zigor bidegabea" eta "goizean Guardia Zibilak Altsasu okupatu" izana salatu eta "kondena honek arrazoi politiko sakonak" dituela erantsi du Aitzinako bozeramaileak.

Aitzinako ordezkariak ekintzaren zergatia azaldu du: "Espainiar Estatu faxista Altsasuko gazteen aurka eramaten ari den basakeria salatzeko bildu gara gaur hemen, zeren haiek justizia deitzen dutena guretzat beste injustizia kasu bat gehiago da. Justizia espainiarrak torturatzaileak karrikan uzten ditu, Kataluniako independentistak preso hartzen, bortxaketa bat sexu abusutzat kalifikatzen, eta Altsasuko kasuan, beste behin ere bidegabekeria eta neurri gabeko zigorra ezartzen du".

Elkarretaratzeak

Arratsalde bukaerarako elkarretaratzeak antolatu ditu Aitzinak. Horrela, Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian elkarretaratzea izan da, eta gaur, asteazkena, Donibane Garazi eta Baionako herriko etxeen aitzinean bilduko dira arratsaldeko 19:00etan.

"Bai gaurko ekimen honen bidez eta biharko elkarretaratzeen bidez, Altsasutik zabaltzen ari den aldarri hori Ipar Euskal Herrian ere entzunarazi nahi dugu, beraz jendartea deitzen dugu mobilizatzera eta karrikak hartzera, Altsasuko gazte zein senideekiko elkartasunez", azpimarratu du gazte erakundeko eledunak.

Ordura arte hogei bat metroko distantziara ziren poliziak hurbiltzen hasi dira. Ekimena lehenbailehen bukatu zedin nahi zuten jendarmeek eskailera berrezarri dute, eta berriz ere, lasaitasunez jautsi dira protesta egin duten gazteak. Auzoak lasaitasuna berreskuratu du ondoren, baina Kontsulatuko langileek ekimena hasi bezain laster jaitsitako leihoetako pertsianek zerratuta segitu dute.

RELATED NEWS