Baionako besten ordainketa: xehetasunak argitaratuak

Aurtengo besten ordainketari buruzko xehetasunak argitaratu ditu Baionako Herriko Etxeak. Ordainpeko eremura sartzeko hamar gune izanen dira. Sarrerak zortzi euro balioko du, hamasei urte baino gutiagoentzat, aldiz, urririk izanen da.

Kazeta|04/06/2018 06:45|0 commment
Gar_fetes_bayonne2017_bobedme155
Baionako besten azken eguna iruditan. ©Bob EDME

Sartzea ordaintzekoa izanen zela iragarri zuenez geroztik, guti dira Herriko Etxeak Baionako bestez argitaratu dituen informazioak. Azkenean, xehetasun gehiago eskaini ditu maiatzaren 30ean. Sartzeak zortzi euro balioko du eta hamasei urte baino gutiago dutenentzat urririk izanen da.

Ordaindu beharreko eremura sartzeko, hamar izanen dira Herriko Etxeak proposaturiko sarbideak. Autoz sartzeko, ordea, ez du aldaketarik aurreikusi iazko edizioarekiko.

Besten sarrerak aitzinetik eskuratu ahal izanen dira uztailaren 3tik aitzina hiru tokitan: antzokian, hiriko espazio sozio-kulturalean eta elkarteen etxean. Sarbidea urririk izanen dutenek ere sarrera ukan beharko dute. Horretarako, Baionarrek bizileku ziurtagiri bat eta nortasun agiria aurkeztu beharko dute. Haurrentzat ere familiako liburuxka erakutsi beharko dute burasoek.

Profesionalek ere sarrera bereziak eskatzen ahalko dituzte. Eskainitako kopurua enpresak duen "langile iraunkorren" araberakoa izanen da.