Ekonomia Ministroak Senperen duen etxearen aitzinean mobilizatu da Seaska

Pik-nika handi bat antolatu dute ikastolek, larunbata honetan, heldu den sartzerako behar dituzten postuak eskatzeko.

Goizeder TABERNA|02/06/2018 14:57
Guz_seaska_lemaire_bobedme106
Frantziar Ekonomia Ministroaren etxera heltzeko bidean, jendarme franko ziren. © Bob EDME

Frantziar gobernuko Ekonomia eta Finantza Ministroa Bruno Le Mairek duen bigarren egoitza zuten helburu larunbat eguerdi honetan, ekainaren 2an, Senperen elkartu diren manifestariek. Ikastolen federazioak galdegiten dituen 25ak aldarrikatzeko, pik-nika bat egin dute 570 bat pertsonek.

"Hezkuntza Ministeritzan, erran digute arazoa aurrekontu arazoa zela eta ez pedagogikoa, beraz, Estatuaren aurrekontuaren arduradunaren etxera joan gara",  azaldu du Peio Jorajuriak, Seaskako ordezkariak. Nahiz eta etxeko leihoak hetsirik aurkitu dituzten, manifestariek gora entzunarazi dituzten beren aldarrikapenak, danborrak lagun.

Heldu den sartzean 230 ikasle gehiago hartuko dituzte Ipar Euskal Herriko ikastolek eta Estatuak 5,5 postu baizik ez ditu hitz eman. Jean-Michel Blanquer Hezkuntza Ministroarekin izan behar zuten bilkuraren berririk ez dute oraindik parlamentariek eta Seaskak dio baldintza horietan ez dela elkarrizketarako mahaiaren inguruan berriz jarriko, aste honetan Bordaleko errektoreak proposatu dion bezala.