Kazeta

EHZ nomadaren programazioaren parte bat ezagutarazi dute

Kontzertuak, antzerkia, dantza, zirkua eta erakusketak izanen dira aurten ekainaren 29 eta uztailaren lehena bitartean Baigorrin, Baionan eta Itsasun iraganen den EHZ nomadan.

EHZ Nomadak aurtengo egitaraua aurkeztu du. (EHZ)
EHZ Nomadak aurtengo egitaraua aurkeztu du. (EHZ)

Euskal Herria Zuzenean jaialdiak bertan behera uztearen erabakia hartua zuen baina hitzordua mantentzea hobetsi eta aurtengo trantsizio urtean EHZ Nomada antolatzea erabaki dute antolatzaileek. Gaur Baionan egin duten agerraldian, egitarauaren berri eman dute.

Ekaianren 29an Baigorrin izanen dira eta bertan «aniztasuna» izango da ezaugarri nagusia. Bi antzerki egonen dira, bata Etxepare Lizeoko ikasleek egina eta bestea ‘Hozkailua’ Huts teatroaren eskutik. Era berean, Kukai dantza taldeak ‘Gelajauziak’ ikuskizuna taularatuko du. Azkenik, Doctor Mephisto taldeak bere blues-soul doinuak igoko ditu agertokira.

Biharamunean, Baionan, goizean-goizetik hasiko da egitaraua. Magneto, MamiTxula, Patxoki eta Zizpa gaztetxearekin elkarlanean, dantza estilo ezberdinak izanen dira goizean zehar, baita zirkoa ere. Eztabaida gunea ere kokatuko dute, eta bertan feminismoak eta errefuxiatuen harrerak pisu handia izango dute. Euskal Herriko gatazka eta autogestioari ere ez zaie haien tokia faltako.

Gaueko egitarauak Mousserolleseko harresietan izango du lekua. Afro-folk estiloan Kolinga bikotea igoko da eszenatokira, baita Baionako Le bal du samedi soir DJ kolektiboa, Pelax, Yassassin rock taldea eta Caseyren rapa ere.

Igandean, uztailak 1, Itsasuko Atharrira egingo dute bidea eta «adin guztientzako egitaraua» prestatzea izan dute jomuga. Goizean Atx Teatroak ‘Bihotz Salataria’ antzezlana ekarriko du. Eliralek ‘Bihotz2’ dantza ikusgarria jarriko du taula gainean eta Chicken Street zirkoak ere bere alea jarriko dio asteburuari. Puzgarriak ere ez dira faltako txikientzako.

Aurrera begira, batzar nagusi bat ekainaren 23an

EHZ jaialdiak aldaketa sakona bizi izan duela agerikoa da. Bide horretan, amrtxoan eta apirilean zehar Ipar Euskal Herriko eskualde ezberdinetan bilkura publikoak egin dituzte «iritzi edo gogoa» ezagutzeko. Honek, proiektuaren helburuak eta funtzioak zehazten lagundu die: «Kostaldeko eta barnealdeko gazteen edo euskaldun eta erdaldunen arteko topaleku da», adierazi dute. Era berean, «festa eremuaz haragoko alternatiba iraunkorren sorreraren bultzatzailea» ere izan nahi duela nabarmendu dute.

Hausnarketa hau eginda, EHZri forma berria ematen asmatzeko beharra ikusi dute antolatzaileek eta jendarteari parte-hartzeko deia egin diote. Alde batetik, Hazparnen larunabt honetan bilduko dira, baina posta bidez kontaktuan jartzeko eta proiektu proposamenak helarazteko aukera ere eman dute.

Prozesu honetan bildutako ideia eta proposamentak ekainaren 23an aztertuko dituzte batzar nagusi batean, 2019ko EHZri forma eman asmoz.