Iurre BIDEGAIN

EHZ festibala Baigorri, Baiona eta Itsasun ibiliko da aurten

Lekorneko Garroa gaztelutik Ipar Euskal Herriko hiru herrietara salto eginen du EHZ festibalak: Baigorri, Baiona eta Itsasu. Ekainaren 29, 30 eta uztailaren 1erako EHZ Nomada antolatzea erabaki du elkarteak. Orain arteko egitarauaren ildo bera mantenduz, trantsizio urte bat dela nabarmendu nahi du elkarteak.

EHZ bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak iaz.
EHZ bertan behera uztea erabaki zuen elkarteak iaz.

Euskal Herria Zuzenean bertan behera uztearen erabakia hartu zutenez geroztik, proiektuari buruzko gogoetari eutsi diote elkarteko kideek. Iragan urteko udatik landa herriz herri ibili dira jendearen gogoetak biltzen. Loretxu Etxemendi elkarteko kidearen erranetan, gogoetan parte hartu dutenek hitzordua mantentzearen garrantzia azpimarratu dute. Hori dela eta, trantsizio urtea ongi irudikatzeko EHZ Nomada antolatzea erabaki du elkarteak. Nahiz eta detaile batzuk aitzinatu dituen, heldu den astean informazio gehiago argitaratuko duela erran du.

Lekorneko gaztelutik Ipar Euskal Herriko hiru herritara pasako da aurtengo EHZ. Hain zuzen ere, ekainaren 29an Baigorrin, ekainaren 30ean Baionan eta uztailaren 1ean Itsasun programazio berezi bat antolatuko dute partaideek.

"Eskemak hautsi nahi izan ditugu eta formatu berri hau sortzearen hautua egin dugu", azaldu du Etxemendik. Ipar Euskal Herriko lurralde gehiengoan presente izanik festibala bera publikora hurbildu nahi izan dutela aipatu du gazteak. "Lau egun izan bagenitu Xiberoan ere zerbait antolatuko genuke", erantsi du.

Gogotsu etorkizunari begira

Hogeita bi urte luze hauetan egin bezala, programa "aberatsa eta anitza" antolatzeko helburua du elkarteak. Ostiralean, emanaldi kulturalak omenduko dituzte egitarauan. Dantza ikusgarri zein antzerkiak proposatuko ditu. Musika ere presente izanen da, baina toki gutiago eskainiko diote lehen egunean. Biharamunean, ordea, Lapurdiko hiriburuko karrikak animatzeaz gain, eztabaida anitzak ere prestatuko ditu.

Lekorneko Garroa gazteluan egin bezala, EHZ Nomadaren azken eguna familiei zuzenduko zaie. Kidearen erranetan, aurten ere Euskal Herriko Laborantza Ganbararen laguntzaz zikiroa proposatuko dute Itsasun.

"Formatu berria izanki, zailtasun berriei aurre egin behar diegu. EHZk duen esperientziarekin lortuko dugula segur naiz. Gogotsu gara eta trantsizio urte honetan are gehiago. Nahi duguna da perspektiba berriak sortu denboran irauteko", azaldu du Loretxu Etxemendik.