Kazeta

Hiru emazte hilik agertu dira lau asteotan

Lau asteotan hiru emazte agertu dira hilik Ipar Euskal Herrian, azkena Biarritzen. Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek « suizidio bikoitzaren » tesiari eutsi dio Biarritzeko gertakarien zergatia aipatzeko.

Poliziak 40 urte inguruko emazte baten gorpua aurkitu zuen larunbat arratsaldean Biarritzen.
Poliziak 40 urte inguruko emazte baten gorpua aurkitu zuen larunbat arratsaldean Biarritzen.

Iragan larunbatean, Poliziak emazte baten gorpua aurkitu zuen Euskaldunen Kostako goialdean dagoen Cent Marches aparkalekuan. Lehendabizi, polizia batzuek Biarrizko karriketan noraezean zebilen gizonezko bat ikusi zuten. Berarekin hitz egin ondoren aipatu parkingera eraman zituen. Bertan zuen autoaren maletegian 40 urte inguruko emakume baten hilotza atzeman zuten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Emaztearen hilotza Bordeleko Institutu Forentsera eraman zuten eta ondoko egunotan ezagutzera emanen dute autopsiaren emaitza. Emaztearen bikoteak, anartean, Baionako erietxean igaro du asteburua, eta berari ere hainbat proba egin dizkiote. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, egoera depresiboa pairatzen zuen gizonezkoak «suizidio bikoitzari» buruz hitz egin zion hasieratik Poliziari. Ildo beretik, Samuel Vuelta Simonek atzo Mediabask atariari azaldu zionez, nahiz eta ikerketa ez den oraindik amaitu, «suizidio bikoitzaren» hipotesia dago uneotan mahaigainean.

Bigarren aldia da azkeneko hilabetean, Baionako Fiskaltzak hipotesi hori baliatzen duela emakume baten heriotza azaltzerako orduan. Hain zuzen ere, iragan maiatzaren 2an Bidarten tiroz hil zuten emaztearen kasuan Vuelta-Simonek bi aukera aipatu zituen: «bikote liskar bat» edo «suizidio bikoitza», hau da, aldez aurretiaz adostutako suizidioa. Orduan 70 urteko emazte baten hilotza agertu zen bere etxean eta, 79 urteko senarra, berriz, botika gehiegi hartu ondoren ondoezik topatu zuen familiak.

Gertatutakoa «suizidio bikoitza» izan zela azaldu zion Poliziari gizonak. Hasiera batean, Baionako prokuradoreak ere kontzeptu eztabaidagarriari heldu zion, nahiz eta frogarik ez zuen aurkeztu emazteak bere buruaz beste egiteko erabakia hartu zuela aditzera ematen zuenik.

Estatistika lazgarria

Azken lau asteotan hiru emazte agertu dira hilik Ipar Euskal Herrian, guztiak ere beraien bikote ohiekin lotutako argitu gabeko egoeretan. Iragan apirilaren 28an, 32 urteko emakume bat, Roxana, Donibane Garazin hil zen karrikan oinez zihoala ibigailu batek harrapatuta. Bere bikotekide ohia zen autoaren gidaria. Gizonak alkoholemia proban positibo eman zuela adierazi ostean, prokuradoreak indarkeria matxista aipatzeko «goizegi» zela azaldu zuen, emaztearen eta ustezko erasotzailearen arteko harremana «ez zela guztiz bukatu» gaineratuz. Alta, herritarrek berehala egin zituzten emaztearen heriotza salatzeko elkarretaratzeak. Bi seme-alaben amak bikotekide ohia bortizkeria erabiltzeagatik salatua zuela ere jakitera eman zuten ondoren gertukoek. Gizona azkenik kartzelara bidali zuen epaileak hilketa egotzita.

Maiatzaren 2an, adineko emazte bat eskopeta tiro batekin hil zuen gizonezkoak ere, «suizidio bikoitza» hitzartu zutela esan zuen. Polizia aurrean deklaratu ostean, bere aurkako behin-behineko espetxeratze agindua eman zuen epaileak.

Iragan larunbatean gertaturiko azken heriotza kasuan, berriz, aldez aurretiaz adosturiko heriotzaren tesia hobetsi du hasiera batean Baionako prokuradoreak. Hala ere, autopsiaren emaitzak izan arte ez du behin betiko txostena aurkeztuko.