Baionako bestak ordaindu beharko dira asteburuan

Joan den martxoan martxan jarritako ikerketaren ondotik, Baionako bestetara joateko 7 edo 8 euro pagatu beharko dela ziurtatu du Herriko Etxeak.

Kazeta|18/05/2018 06:50|0 commment
Guz_cp_fetes-de-bayonne_payantes_mairie_baiona_imiquelestorena01
Maiatzaren 15an aurkeztu zuten erabakia. © Isabelle Miquelestorena

Ofiziala da. Ostiral arrastiritik igande arratsera arte, Baionako bestak ordaindu beharko ditu bestazaleak, zazpi edo zortzi eurotan. Behin-betiko prezioa ez du oraindik finkatu Herriko Etxeak. Asteburua da azkenean pagatu beharko dena. Asteazkena eta ostegunak sartze librean izaten jarraituko dute.

Baionako bestak jadanik zergen bidez diruztatzen dituzten baionesei ez die erabakiak eraginen. Bestak hasi baino lehen karriketan pagatu gabe ibiltzeko eskumuturreko baten xerka joan beharko dute. Baionan bizi direla erakusten duen agiri batekin aurkeztu beharko dute eskaera.

Bestetan lan egiten dutenek ere ez dute dirurik ezarriko. Jean-René Etchegaray auzapeza hasi da ofizioen zerrenda bat aurkezten, baina den-denak aipatu gabe: ostalariak, osasuneko langileak, banatzaileak… Baionako bestek kitorik izaten segituko dute haurrentzat. 14-16 urte ukan orduko moltsa atera beharko dute, baina adina ere ez da arras finkatua izan.

Ordaintzearen arrazoiak

Estatu frantsesean, 2015an gertaturiko atentatuak direla eta justifikatu dute Baionako bestetan sartzeko ordaindu beharreko erabakia. Hain zuzen, segurtasuna bermatzeko aurrekontua handitu dela ziurtatu du Herriko Etxeak. "Denok oroitzen gara Niceko atentatuaz, 2016ko edizioa hasi aitzin" erran du Jean-René Etchegarayk.

Gaur egun, 1 500 000 euroko kostua dute Baionako bestek Herriko Etxearentzat. Segurtasuna hobetzeko, 500 000 euro gehiago ezarriko lituzke udalak, eta 7/8 eurotan izanen diren sartzeak sartuko lirateke horretan hein handi batean.

"Zilegitasunezko neurria da" Jean-René Etchegarayren aburuz. Auzapezak dio 50 000 baionesek ez dutela dena beren gain hartu behar segurtasuna hobetzeko. Baionako bestetara hurbiltzen dira beste milio bat pertsona.

Besten izpiritua

Aldaketa horren atzean direnentzat, besten izpiritua ez da galduko ordainduz gero. Baionako hautetsia den Yves Ugalderentzat guztiz kontrarioa da. "Baionako bestak ordaintzea, ekintza militantea da, bere ADNa bizirik mantenduko duena".

Baionako besten batzordeko presidentea den Henri Lauquék ziurtatu du erabakiak ez duela eraginik izanen animazioetan edo programazioan. Bestazalea karrikaz-karrika ibiltzen ahalko da beti, eta hiriko hainbat gunetan animazioak izanen dira orain arte bezala.

Baionan sartzeko hamar leku ditu bisitariak. Autoek lau. Poliziak arakatuko du pagatzen ez den eremuetan jendea izanen den edo ez besta egiten. Zenbait tokitan onartuko dute jendea baina ez beti.

Oposizioa bazterrean utzia

Oposizioko hautetsia den Jean-Claude Iriartek dozierra ez duela ikusi eta landu ahal izan deitoratu du, nahi eta hainbat aldiz eskatu. Dokumentu bakar bat ez duela jaso ziurtatu du. Erabakiaren printzipioari buruz bere iritzia plazaratu gabe, auzapezak aipaturiko "ahozbatekotasun ederrean" ez dela kokatzen gehitu du. "Guretzat, gehingoak harturiko erabakia da."