Preso ohien ondasunen kontrako operazioa burutu dute

Audientzia Nazionalaren agindupean, berrogeita hamar euskal preso baino gehiagoren ondasunen kontrako operazioa burutu du Guardia Zibilak. Erantzukizun zibila ziurtatu ahal izateko, hainbat ondasun atzeman dituzte.

Kazeta|17/05/2018 13:32
Cpt-guardiacivil
"Zerga" izena jarri diote gaur abiatutako operazioari. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Guardia Zibilak, Audientzia Nazionalarekin elkarlanean, euskal preso ohien ondasunen kontrako operazioa abiatu du. Juan Ignacio Zoido Barne Ministroak zabaldu duenez, berrogeita hamar lagun baino gehiagoren kontu korronteak, autoak eta hainbat ondasun atzeman ditu "terrorismoaren" biktimen kalte-ordainetarako.

"Zerga" deituriko operazioa abiatu du Guardia Zibilak Audientzia Nazionalarekin elkarlanean. Barne Ministeritzak azaldu duenez, ETArekin loturiko zigorra duten preso ohiak hunkituak dira. Sententzietan ezarritako erantzukizun zibila ziurtatu ahal izateko beren ondasunak atzeman dituzte. Barne Ministeritzak jakinarazi duenez, ikertu dituztenen artean, hamar lagunek ETAren atentatuekin lotura dute eta besteek, ordea, kale erasoekin.

Hain zuzen ere, berrogeita bost kontu korronte blokatu dituzte. Hogeita hamar bat lan sari aztertzen ari da Guardia Zibila. Halaber, lau auto kendu dituzte karrikatik, horien artean autokarabana bat. Gisa berean, hamalau ondasun higiezin identifikatu ditu Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxan.