"Palestinarren sarraskiak geldi! Trump eta Netanyahou hiltzaile! Gora Palestina askatua!". Mezu argiak entzunarazi dituzte Aitzina, EH Bai eta LAB sindikatuko kideek. Hiru erakundeek deiturik, pertsona andana bat elkartu zen Baionako herriko etxearen aitzinean maiatzaren 16an.
Palestinako herriak bizi izan dituen erasoak deitoratu dute plazaratutako agirian. Hain zuzen ere, asteartean, Estatu Batuek beren anbasada Tel-Avivetik Jerusalemera lekuz aldatu izana salatzeko egindako elgarretaratzean, "61 hildako, horietako 8 haur eta 2.700 zauritu baino gehiago" izan direla salatu dute. Donald Trump Estatu Batuetako presidentea eta Israelgo Lehen Ministro den Benjamin Netanyahu "hiltzaile su emaile" gisa definitu dituzte. Ekialde Hurbila "sutan eta odoletan" ezarri dutela diote.
Palestinar herria erabat "makurtzeko" xedea dutela diote. "Alta, palestinarrek askatasuna, berdintasuna eta zuzentasuna baizik ez dituzte galdegiten. Beren borroka humanitate osoaren borroka da".
Egun hauetan bizitako krimenak "aitzinetik" iragarriak zirela erran dute. Halaber, Israelgo gobernuarekin harreman adiskidetsuak dituzten munduko buruzagien "erantzukizun larria" salatu dute EH Bai, LAB eta Aitzinak: "frantziar gobernamendua, besteak beste". "Gisa berean, palestinar herriaren itolarria laguntzen duten arabiar buruzagiak, Egipto edota Saoudiar Arabiakoak, drama horren erantzule zuzenak ere dira".
Ipar Euskal Herriko hiru erakundeek boikota, inbertsioen gelditzea eta Israelen kontrako zigorrak bultzatzen dituen BDS kanpaina sostengatzeko deia luzatu dute.