Iurre BIDEGAIN

Berhokoirigoin: “Aniztasuna eta demokrazia eraiki nahi dugun elkarbizitzaren oinarriak dira”

Mixel Berhokoirigoin etorkizunari begira jarri da Arnaga etxearen atarian. Elkarbizitzaren eraikuntzarentzat demokrazia eta aniztasuna beharrezkoak direla nabarmendu du bakearen artisauak. Bere iritziz, herriaren etorkizuna eraikitzeko indar bateratu bat sortzea ezinbestekoa da.

Mixel Berhokoirigoin 2016ko abenduaren 16an Luhuson atxilotu zituzten bakearen artisauetariko bat da. Zalantzarik gabe, gau hartako gertakariak Euskal Herriko bake prozesua desblokeatzeko baliagarriak izan ziren. Konponbide prozesua Arnagara eraman duen bidea eraikitzen lagun dute, besteak beste.

Nazioarteko topaketan parte hartu zuen bakearen artisaua etorkizunari begira jarri zen Kanbon. Bere iritziz, elkarbizitzaren eraikuntza bakoitzak duen betebeharra da. Elkarbizitza hori eraikitzeko bide demokratikoa eta herri honen aniztasunaren aitortza ezinbestekoak jo ditu gamartarrak.

Halaber, iragana ez ahaztearen garrantzia azpimarratu du. Bere aburuz, gertatutakoari so egin behar da gaizki egindakoa berriz ez errepikatzeko. Bere erranetan, ezin da ahantzi herri honen zatiketa eragin duena.