Haritz LARRAÑAGA

SNCFeko buruaren atera jo zuten grebalariek

Biarritzeko Marbella hondartzaren gainean Guillaume Pepyk duen jauregiaren aitzinean besta antolatu zuten trenbideetako grebalariek. Gonbidatu zuten arren, SNCFko buruzagia ez zen agertu, baina "hitz egitera eseri arte ez dugu etsiko", azaldu zuten atzo 18. greba eguna bete zuten trenbideetako langileek.

Hamazortzi egunen buruan, protesta mugimenduak azkarra izaten segitzen duela diote CGTko sindikalistek. © Isabelle MIQUELESTORENA
Hamazortzi egunen buruan, protesta mugimenduak azkarra izaten segitzen duela diote CGTko sindikalistek. © Isabelle MIQUELESTORENA

Hiru metroko altuera duen hesi batek inguratuta bi etxe; bata txikia, zerbitzarientzat eta bestea handia, SNCF ko buruak Biarritzen duen «bigarren etxebizitza. Hesiaren barrualdeko lorategietan zein kanpoaldean, CRSen furgonetak eta poliziak zainketa lanetan, eta erdian, LAB, CGT eta SUD-Rail sindikatuen deialdiari erantzunez bertaratu ziren hamarka lagun. Batzuk mozorrotuta, besteak bengalak eskuan, musika bozgorailuetan, globo koloretsuak eta apaingarriak sarrerako atean. Besta giroan salatu zuten atzo trenbideetako grebalariek "Pepitoren jarrera itxia".

Pulpitu gisa aulki bat erabiliz, hainbat hizlarik beren erreibindikazioak ezagutarazi zituzten. Peio Dufau, Donibane Lohizuneko tren geltokiko langile eta CGTko delegatua, kexu zen joan den astean Pepyk prentsari igorri zizkien datuekin: "Gezurretan ari da, trenbideetako langileen %80 erreformaren alde dagoela esan zuen; hori, ordea, ez da horrela, zeren egun bi langiletik bat greban da".

Hain zuzen, Macronen erreforma da sindikatuek gaitzesten duten puntuetako bat, "zeren erreforma gauzatzen bada, zerbitzu publikoa pribatizatuko da", salatu zuen Dufauk Gara ekunkariak kontatu duenez.

Apirilean abiatu eta bost egunetik bi egunez egiten duten grebak 18. eguna bete zuen atzo eta aurrera begira greban jarraitzeko asmoa erakutsi zuten hitza hartu zuten ordezkariek.

Grebalarien beste eskakizun bat trenbideetako langileek duten estatutua mantentzea dela azaldu zuen CGTko kideak, eta hau gaineratu zuen: "Enpresa publiko izaten jarraitu nahi dugu, ez sozietate anonimo, non akzioak saldu ahal izango liratekeen. Hori ez dugu onartuko".

Erreformaren kontrako eta zerbitzu publikoen aldeko mezuak zein estatusa mantentzearen aldekoak izan ziren manifestariek gehien errepikatu zituzten lemak, baina horrez gain, "errepideak betetzen dituzten kamioien ordez, tren-merkantzien garraioa sustatzeko plan bat" proposatzen zuten.

Negoziazioa

"Gaurko eskakizun nagusia da Pepy negoziatzera eser dadila", azpimarratu zuen Hendaian SNCFko langile eta LABeko delegatua den Ramuntxok. "Benetako negoziazioak hastea nahi dugu, zeren greban gauden artean dirua galtzen dugu; ez dugu plazeragatik egiten, benetako zerbitzu publiko bat nahi dugu", aldarrikatu zuen.

Sindikatu abertzaleko kideak zifrekin gezurretan aritzea egotzi zien SNCFko arduradunei. "Iparraldean TGV bat abiatzen da Hendaiatik Parisera, baina tokiko trenak geldirik daude. 5 trenetik 2 martxan direla diote, baina hori da trenen ordez jartzen dituzten autobusak kontuan hartzen dituztelako. Gu ez gara autobideetako langileak, trenetako langileak baizik".

Bi ordu iraun zuen protestak, baina gutxienez ekain amaiera arte greban jarraitzeko asmoa dutela iragarri zuten. Atzokoan behintzat, umorerik ez zaiela falta ere erakutsi zuten.