Joseba Aurkenerena
Fotoefectos
Margot Duhalde, zeruetako bideetatik barna

Milaka joan ziren eta milioiak dira gaur amerikar diasporan euskaldunen ondorengotzat haien burua jotzen dutenak. Horietako bat genuen Margot Duhalde, Luhusotik artzain eta laborari gisa joandako mutil baten biloba edo arralaba.

14/05/2018 11:15 | 0 commment

Ainitz izan ziren XVI. mendetik XX. mendeko erdialdera arte, itsaso zabala zeharkatu eta Ameriketarako bideari ekin zioten euskaldunak. Gehien-gehienak haien egoera ekonomikoa hobetu nahian abiatu ziren kontinente berrirantz, baina izan ziren ainitz ere, arrazoi politikoengatik abiatu behar izan zutenak; Frantziako Iraultza eta ondorengo zapalketa, karlistadak, bi gerla handiak, 1936ko guda, frankismoaren zapaltze sistematikoa… izan ziren, besteak beste, euskaldun ugari Ameriketara haizatu zituzten kalapitak. Hala eta guztiz ere, gehienetan miseriatik atera beharra izan zen emigrazio handi honen egiazko hauspoa. Milaka joan ziren eta milioiak dira gaur amerikar diasporan euskaldunen ondorengotzat haien burua jotzen dutenak. Horietako bat genuen Margot Duhalde, Luhusotik artzain eta laborari gisa joandako mutil baten biloba edo arralaba.

1.- Margot Duhalderen haurtzaroa

Margot Duhalde Sotomayor 1920ko abenduaren 12an sortu zen Txile hego aldeko Rio Bueno izeneko herrian. Aitaren aldetik, euskaldunak ziren, aitatxi Luhusokoa izanik,  eta amaren aldetik indioen ondorengoak. Margotek bizitza osoan aldarrikatu zituen bere baitan zeramatzan bi herri horien odol indartsua, erdi euskalduna eta erdi indioa zela, erraiten baitzuen.  Duhaldetarrak laborantzatik bizi ziren eta hamabi seme-alaba izan zituzten.

Rio Bueno aldean ohikoak ziren hango lurraldeetatik barna pasatzen ziren posta-hegazkinak. Ttiki-ttikitatik, Margot etxeko teilatura igotzen omen zen etxe gainetik iragaten ziren hegazkinak hurbilagotik ikusteko. Hori dela eta, gurasoek largabista bat oparitu zioten, eta horren laguntzaz hegazkinen hegaldiak behatzen zituen. Halako batean, horietako aireplano bat etxetik hurbil samar erori zen eta Margot izan zen bertara iritsi zen lehenagoetako bat. Momentu haietan, aparatua ukitu zuenean, pilotu izatea erabaki zuen.

Orduz geroztik, behin eta berriz, saiatu zen gurasoen baimena lortzen Santiagoko hegazkin pilotuen eskolan sartzeko, baina gurasoek ez zioten baimenik eman hamasei urte bete izan zituen arte. Horrela, 1938ko otsailean, hasi zen Txileko Aire Klubean ikasketak eta lehen hegaldiak egiten. Horretarako, agiri ofizialetan hemezortzi urte zituela jarri behar izan zuen eta trikimailu horri esker, onartu zuten. César Copetta pilotu ospetsua izan zen bere irakasle eta trebatzailea. Horrela, hemezortzi urte bete gabe zituela, pilotu graduazioa atzeman zuen.

2.- Bigarren Gerla Handiaren garaian trebatu zen

Bigarren Gerla Handiaran garaian, bere baitan laguntzeko gogoa sumatu zuen. Ordurako pilotu zibila bazen ere, hasieran, Frantziako enbaxadara joan zen bere zerbitzuak, boluntario gisa,  eskaintzera, eta geroxeago, De Gaullek, armada bat egiteko xedez, zabaldu zuen deialdiarekin bat egin zuen. Adin ttikikoa zenez, eta gurasoen baimena behar zuenez, gurasoei erran zien Kanadara joan behar zuela, pilotu-trebaldiak egitera, eta horrela, haien baimena eskuratu ahal izan zuen.

Valparaisoko portutik abiatu zen hamahiru pertsona gehiagorekin batera. Baziren txiletarrak, neska erizain frantses bat eta bi mutil euskaldun. Bi horiekin adiskidetasun handia egin zuen. Londresera iritsi zelarik, espetxeratu zuten susmagarria zelakoan, eta bost egunez, kartzelan eduki zuten preso. Hainbat hilabeteren ondoren, pilotoen aterpe batean ezarri zuten garbiketa lanak egin zitzan. Orduan deliberatu zuen frantsesak utzi eta  ingelesekin bat egitea. Air Transport Auxilary zelakoan, 165 emakume pilotu erabiltzen zituzten euren hegaldietan laguntzaile gisa, eta Margot hortxe aritu zen lanean. Hegazkin egin berriak aire-egoitza ezberdinetara eramaten zituzten. Urte haietan, osora ehun hegazkin mota baino gehiago gidatu zuen, gerla-hegazkinak eta bonbardatzeko aparatuak barne.

3.- Bizitza osoa hegaldiz hegaldi

Gerra bukatu zelarik, Frantziako Aire Indarretan aritu zen lanean, eta 1947an, Txileko merkataritza-hegazkin bateko komandante izendatu zuten, Txileko historian lehen emakumea izan zen graduazio horretara iritsi zena. Hortik urte batzuetara, Txileko Aire Indarretako kontrol dorre bateko buru izendatu zuten eta lan horretan ari izan zen berrogei urte luzez.

Hiru aldiz ezkondu bazen eta bigarren senarrarekin seme bat izan bazuen ere, berea hegan egitea zen, eta gainerako guztia bigarren maila batean uzten zuenez gero, ez zituen oso harreman egonkorrak mantendu ahal izan. Hegaldi-ikasketak eman zituen eta bere izena daraman hegaldi-eskola zuen sortu. Tarteka, denbora bilatzen zuen Euskal Herrira etortzeko eta Luhusoko eta Baionako familiarekin harremanak mantentzeko. Laurogei urte betetzean, jausgailuz, 3.660 metroko jauzia egin zuen, munduko hedabide guztien arreta bereganatuz. Urtebete beranduago, hau da, laurogeita bat urterekin jubilatu zen.

Liburu bat idatzi zuen bere autobiografia kontatuz, “Margot Duhalde, mujer alada” izenburuaz plazaratu zuena, eta 1991n, Magdalena Silva Valdés idazleak Margoti buruzko “Margot Duhalde, aviadora” liburu ospetsua plazaratu zuen. Horretaz gain, Ingalaterran egindako hainbat dokumentaletan parte hartu zuen, Bigarren Gerla Handiko emakume pilotuen abenturak eta balentriak kontatuz. 2018ko otsailaren 5ean, Txileko Santiagon hil zen, 97 urte zituelarik. Hauxe izan zen emakume adoretsu honek egin zuen azken hegaldia. Goian bego, hodeien artean!