Aldarrikapen giroa nagusi Herri Urratsen

Aldarrikapenak ozen entzunarazi dituzte hautetsi zein eragileek Herri Urratseko hasiera ekitaldian. Bertan izan da Pierre Barrière Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskaria. Seaskak eskatzen dituen hogeita bost lanpostuen ukapena berretsi du Barrièrek.

Kazeta|13/05/2018 15:48|0 commment
Loading player...

Giroa bero Herri Urratsen. Eta giroa bero hasiera ekitaldian ere. Bertan hartu dute parte, besteak beste, Pierre Barrière Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariak, Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak eta Paxkal Indo Seaskako lehendakariak, Naiz atariak azaldu duenez.

Ez du batere harrera onik izan Barrièrek. Bere kargutik, berak behar luke izan Iparraldeko ikastolek dituzten arazoei irtenbidea ematearen arduraduna. Aitzitik, irtenbiderik aurkeztu ez eta begi txarrez hartua izan den proposamena egin du: herri txikietako ikastolak bateratzearena, irakasle kopurua handitu beharrik egon ez dadin.

Bestelako harrera izan du Etchegarayren hitzartzeak. Osoki egin du honek euskaraz, eta hala amaitu du: "Parisek ez badu euskara errespetatzen esan nahi du ez duela gure lurraldea errespetatzen". Egun etenda dauden negoziaketak berrartzea espero duela esan du.

Indok, berriz, eta esateko askorik badu ere, hitzaldi positiboa egin nahi izan du. Hala, azken urteetan eman diren aurrerapausuak goraipatu ditu.

Senperako lakuaren inguruan ere bero da giroa. Eguraldiak eutsiko dionaren esperantzaz, aurten bildutako dirua Lartzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioarentzat izanen da.