Goizeder TABERNA

Ez dute balio zuri-beltzeko argazkiek

Gatazkaren ondorioak konpontzeko iraganaren irakurketa ahal bezain osatua egin beharko dute alde guziek, eta horretan ez dute balio zuri-beltzeko argazkiek

Goizeder Taberna. © Sylvain SENCRISTO
Goizeder Taberna. © Sylvain SENCRISTO

Gerlek badute beren argazkia, bakeak ere izan behar du. Eta hori ekarri du Arnagako nazioarteko topaketak, borroka armatuaren ziklo baten bukaeraren argazkia. ETAren bukaera ontzat hartzeaz gain, bake iraunkorra lortzeko oraindik eskas diren neurriak berriz agerian utzi dituzte nazioarteko eta Euskal Herriko eragileek. Ez da ez bakea hori, oraindik anitz baita egiteko. Baina gatazkaren ondorioak konpontzeko eragile nagusiek mahai baten inguruan jarri behar dutela oroitarazteko balio izan du Kanbokoak. Nazioartearen aitzinean, topaketako parte hartzaileek bide hori hartuko zutela hitz eman dute. Egia da, Ipar Euskal Herrian jada errealitatea dena, Hego Euskal Herrian eraikitzekoa da oraindik. Hala ere, eskualde horretako alderdi nagusien ordezkari gorenak Arnagan ziren maia-tzaren 4ean. PSE, UPN eta PPkoak salbu, gaineratekoak argazkian ziren. Aitzinetik izan diren jarrerak eta eztabaidak ikusirik, zerbaiten seinale da. Jada 2017ko apirilaren 5ean, armagabetzearen bezperan, alderdi guziek argazki bateratua eskaini zuten, PP eta UPN kendurik. Eta hor dabil lanean Foro Sozial Iraunkorra, argazki hori ekintza bilaka dadin.

Ez da egina, Eusko Alderdi Jeltzaleak argazkian egon bai, baina erdian egon nahi baitu. Zilegitasuna ez du eskas, gainera. Haatik, hartu behar lukeen tokiaz gain, testuaren edukian ere du arrengura. Eta bi arrazoin horiengatik, ez dirudi gainerateko eragileen konfiantza duenik argazkia antolatzeko. Nazioarteko eta Arnagako eragile frankok onetsi duten adierazpenekin —ETAren desegitearena eta eragin duen minaren aitorpenarena—, hein batean ez datozela bat diote bi lehendakariek. Eta Gasteizkoak hitz gogorrak izan ditu Jean-René Etchegarayren kontra, bere lidergotza zalantzan ja-rriz. Orain arte, Hego Euskal Herriko agintari horiek ez dute erakutsi konponbide prozesuaren itzain izateko borondate argia dutenik.

Izan armagabetzea, Kataluniarekiko jarrera edo Madrilekiko harremana, azken hilabeteetako tentsio iturriak bazterturik, euskal presoen salbuespeneko egoera konpontzeko, azken urte betean espainiar Gorbernuarekin lanean ari dela baieztatu du Gasteizeko gobernuak, hala ere. Bi erkidegoetako legebil-tzarretan gai horretaz adostasuna xerkatuko dutela ziurtatu dute, baina hori bai, preso bakoitzak iraganaz zerbait kritiko erratea bilatuko dute. Eta horretan da koska : iragana. Gatazkaren ondorioak konpontzeko iraganaren irakurketa ahal bezain osatua egin beharko dute alde guziek, eta horretan ez dute balio zuri-beltzeko argazkiek. Ñabardurak kontutan hartu beharko dira, bakoitzak eragin duena, bakoitzak bizi izan duena, bakoitzak ekarri duena. Mugimendu, alderdi eta pertsona bakoitzaren historiaren barnean sakontzea eskatzen du lan horrek, garai ezberdinetan hartutako erabakiak berriz azaleratzea. Frankismotik hasiz Loiolako elkarrizketetaraino, hego eta ipar Euskal Herrian izan diren fase politiko bakoitza ahantzi gabe.

Arnagakoa ez da zenbaitzuk espero zuten argazkia. Batzuek, etxera itzulitako presoena, bidean galdu dituztenena edo, are gehiago, herri honen burujabetzarena izatea nahi izango zuketeen. Besteek, ETAren porrotarena. Eta hala balitz bezala ari da Espainiar gobernua, berriki, itun antiterroristaren batzarra iragarri baitu. Baina, ez da ez bata ez bestea. Gauza bat seguru da : etortzekoa dena oraindik ez da argazkitan.