Julen Oillarburu
Fotoefectos
Pentsamenduaren kolonizazioa
09/05/2018 12:52 | 0 commment

Valparaiso-tik,

Emazteen egunaren kari, lagun batek sekulako atentzio delikatua errezebitu zuen bere bankuaren partetik : "Madame, à l'occasion de la Journée internationale de la femme, nous vous souhaitons une bonne journée". Biharamunean arrosa pare baten ukaiteko gonbidarekin. Haren auzokideak perfektuki adierazi zuen moduan ; "errege guzien atzetik erregina bada" eta horren ospatzera gindoazela martxoaren 8an. Emazteen borrokaren eta sistema patriarkalaren salaketa, kortesia edo galanteria ariketa gisa apaindu zuten jende askok. "Erreginen" omenaldirako eguna. Beharrik, beste ainitzek orroitzapen erritual honen sentsua egokitu zaukuten. Hala nola, Valparaisoko karriketan milaka jende elkartu ziren "rebeldia feminista" lemapean eta Harvey Weinsteinen inguma berriro azaleratu egin zen. Orduan, hedabideen mekanika martxan jarrita, #metoo edo #balancetonporc oihartzunen doinuan  ibili izan gira.

Irudika dezagun hedabideen mundua espazio hetsi bat bezala ; jokamolde bereziak, erronka propioak eta barne arauak aterpetzen dituen gune hierarkizatua. Eta, Pierre Bourdieu-ren "champ" nozioari jarraituz, gune hortan inposatzeko aurretiko joera eta gaitasunak ezinbestekoak dira. Jakina. Weintein aferak mekanika horren ikuspegi bat eman zigun. Hainbat kazetari eta pertsonalitate famatuek – hedabideetan sarrera pribilegiatu bat dutenak – emazteen kontrako bortitzkeriaren diskurtsoa monopolizatu zuten. Baina salaketa hutsa baino areago, feminismoaren erronkak gune berezi bateruntz desbideratuz ; hau da, laneko mundua edo espazio publikoa orokorrean. Honen adibide gisa, Le Monde egunkariak erakutsi zuen iritzi-muga argia izan zen : "toutes les sphères professionnelles sont ébranlées par les accusations de harcèlement sexuel, à l'université, à l'hôpital, à l'usine, dans le sport" irakur zitekeen artikulu batean, edo antzekoa beste ainitzetan.   

Hedabideek salaketa horren ardura hartu orduko, irakurketa muga definitu zuten : alde batetik, "emazteak" kategoria homogeneo baten gisara kontsideratuz ; bestetik, espazio publikoaren fokupetik arrazoi egituralei uko eginez.

Pentsamenduaren kolonizazioa

Paradoxiazko deskribapena eman zion Thomas Frank-ek "klase kreatibo" nozioari ; "mundukoi ezkertiar neoliberalak". Weinstein-en biktimak mundu hortarik datozela, salbuespen guttirekin, ez da sekretua nehorrentzat. Ez da dudatzekorik ere, borroka hortan baliatutako energia borondate onekoa dela. Haatik, "klase kreatibo"-aren begietatik ikusita – gaur egun ezinbestekoa baita – feministen borroka hipotesia batetan oinarritzen da : mundu osoko emazteek esperientzia amankomuna bizitzen dute. Hipotesia hori dudan ezar dezakegu.

Honen arian, C.T. Mohanty-k "kolonizazio" eredua definitu zuen2 :  "[kolonizazioa] implica una relacion de dominacion estructural y una supresion, muchas veces violenta, de la heterogeneidad del sujeto o sujetos en cuestión".

"Kolonizazioa", feminismoaren ekoizpen diskurtsiboari eransten du ikerlariak. Eztabaida politiko eta akademikoetan, mendebaldeak duen hegemonia kritikatuz. Hortik hara, aspektu historikoak, kulturalak edo sozio-ekonomikoak baztertuta, emaztea, subjektu politiko homogeneo gisa eraikitzen dela azpimarratzen du ; "zapalkuntzan berdintasuna"-ren izenean. Hain zuzen, #metoo edo #balancetonporc lemak erabiliak izan ziren emazte guztiek "nik ere zuen esperientzia parteka nezake" sendi zezaten. Baina hori, modernitatearen ildotik. "Klase kreatiboaren" esperientziak, espazio publikoa – karrika, lan profesionala, politika – erlatiboki emazteei idekia zaiela suposatzen duen unean. Funtsean, unibertsala ez den fenomenoa.

Emazteak New York-en, Parisen, Londresen edo mendebaldean baizik bizi ote dira ? Ez. Jakina da, orain ere, estadu frangotan emazteek ez dutela espazio publikoan agertzeko aukerarik eta lanean edo karrikan jasotako eraso sexisten salaketek ezin dutela oihartzunik ukan.

Beraz modernitatearen ereduetatik apartatuz, beste dinamika frangok emazteen bilakaera subjektu politiko gisa ahalbidetu dezakete. Indian duela zenbait urte, laborariek idortasun latzeko sasoiak jasan zituzten lekuetan, emazte batzuek familiaren lurraldeen parte bat haienganatu zuten. Patriarkalismoak, espazio pribatuan bertan inposatutako egitura ekonomikoari bira emanez. Zentzu berean, F.Engels-ek jabetza pribatuaren bidetik sistema patriarkala azaldu zuela-eta3, arrazoi egituralei aldera jo zuen, hortara goaz.

Arrazoi egituralak

Jabetza pribatuaren ondorio gisa – aberastasunen transmizioa barneratzen duelako – familia monogamikoaren agertzea teorizatu zuen alemandarrak, sistema patriarkala espazio hortan egituratzen dela sustengatuz. Hori dela eta, gune publikoan oinarritzen diren salaketek ezin dute, praxis-an, patriarkalismoaren desagertzea ahalbidetu ; patriarkalismoaren arbolaren enborra moztu ordez, ostoen koloreen aldatzeaz baizik ez baitira arduratzen.

Mendebaldeko "emazte modernoa" goraipatzean – bizi profesionala eta "ama" izaitearen arteko oreka idealizatua – familian antolatutako lan desoreka ukatzen da. Hortarat, emazte modernoa langile "extra-etxetiarra eta etxetiarra" bezala izendatu zuten M.Vianello eta E.Cramazza ikerlariek 4. lana bukatu orduko, garbiketa, sukaldaritza edota haurren hezkuntza asumitu behar dituen super-emaztea. Hein batean, instituzioak ere errolen banaketa horren errudunak dira. Adibidez amatasun geldialdiaren bidez, behar biologikoetaz gain, lehen hilabeteetako haurren hezkuntza kasik esklusiboki emazteen esku uzten zaie (ama oporrak aitarenak baina luzeagoak).

Haratago, edertasuna, goxotasuna, eta menpekotasunaren irizpideak betetzekotan, itsasten zaien feminitate-aren itxuraren biktimak dira emazteak. Alde batetik ezaugarri horiei lotuak diren hainbat lanbideetan gehiengoak dira (ile apaintzaile, erizain, idazkari etb.), bestetik, gizonek duten alegiazko irudiari erantzun behar diote ; menpeko objektu sexual hutsa bihurtu. Mary Wollstonecraft-ek feminitateari lotzen diren bertute faltsuei kontra jo behar dela zion5. Kartzela sinboliko hortatik ateratzeko ; "el primer cuidado de las madres y padres […] debería ser […] al menos no destruir su [mujer] constitución por nociones erróneas sobre la belleza y excelencia femenina" iradokitu zuenez. Gaur egun, sakonki eta osotasunez genero ezberdintasunei erantzuteko, erronka zentrala hezkuntza mailan geratzen da.

Feminitatearen nortasuna espazio pribatuan osatzen da eta espazio publikora zabaltzean, jarrera matxistak ikusgai dira.