Maider IANTZI

Eskola futura, mugaz gaindiko lankidetzari bultzada berria

Eskola Futura egitasmoak irakasle elebidunak prestatuko ditu Euroeskualdean. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko hainbat unibertsitatek bultzaturiko proiektuaren baitan, frantses, euskara eta okzitanierako ikastaro trinkoak eskainiko dituzte.

Sinbolismoz betetako ekitaldia egin zuten maiatzaren 2an Donostian. ©Foku
Sinbolismoz betetako ekitaldia egin zuten maiatzaren 2an Donostian. ©Foku

EHU, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Bordeaux Montaigne Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea eta Akitaniako Irakaskuntza eta Irakasletzako Goi Mailako Eskola (ESPE) hitzarmen baten inguruan bildu dira, mugaz gaindiko lankidetzari bertze bultzada bat emateko. Erakunde gehiago ere batu dira, hala nola Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdea eta Euskararen Erakunde Publikoa, Garako artikuluak azaldu duenez.

Sinbolismoz betetako ekitaldia egin zuten maiatzaren 2an EHUren Carlos Santamaria zentroan, Donostian. Euskararen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabitek hartu zuen hitza lehenbizi, proiektu berritzaile hau zergatik eta nola sortu den esplikatzeko. "Gero eta familia gehiagok nahi dute beren umeek euskaraz ikastea, eta irakasle euskaldun gehiago behar ditugu Ipar Euskal Herrian. Gaur egun ez da hautagai nahikorik aurkezten postuak betetzeko. 2016an 12 postu eskaini ziren, beste hainbeste hautagai egon ziren eta seik lortu zuten plaza. 2017an 15 postu eskaini ziren, 10 hautagai aurkeztu ziren, eta hiruk ukan zuten lekua".

Eskola Futurak euskaraz eta frantsesez (eta okzitanieraz eta frantsesez) mintzatzen diren irakasleen falta bete nahi du. Horretarako, bertzeak bertze, EHU eta UPNAko Irakasle Ikasketetako 4. mailako 10 ikasle edo graduatu frantsesez prestatuko ditu Bordeaux Montaigne Unibertsitatean, eta Akitaniako unibertsitateetako 20 ikasle euskaraz trebatuko ditu beste hainbeste denboran EHUn.

Lanpostuak sortu

Euroeskualdeko Batzorde Betearazleko kide eta Lakuako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak azaldu zuenez, ikasleak hemengo hizkuntzetan trebatzeaz gain, enplegua sortzea bilatzen dute. Unibertsitateetako ordezkariak bat etorri ziren hau nabarmentzean: Ituna xumea da, baina eragin handia izan dezake, akademian, lanean, jendartean eta kulturan. "Abiapuntu sendo bat da".