Iurre BIDEGAIN

Euskal presoen aldeko futbol txapelketa bat baino gehiago

Futbol 7 euskal presoen aldeko txapelketaren 15. edizioa iraganen da maiatzaren 26an. Aurten, taldeen kopuru apalagoa dela eta, Euskal Herriko kirolariei elkartasunezko ekimenarekin bat egiteko deia luzatu diete antolatzaileek.

2016ko Futbol 7 Txapelketaren irudia.
2016ko Futbol 7 Txapelketaren irudia.

Beste urte batez Hendaiako Ondarraiz errugbi zelaiak Futbol 7 txapelketa errezibituko du maiatzaren 26an. Kirol ekimen honek euskal presoen alde jokatzeko helburua du. Hain zuzen ere, egunaren irabaziak Ipar Euskal Herriko presoen aldeko elkarteari bideratzen diote, Iker Altuna antolatzaileak azaldu duenez.

Txapelketa bat baino gehiago dela dio gazteak. Kirola nagusi da, bai, baina egunean zehar parte hartzaileen artean sortzen den giroa ekimen berezia izatea laguntzen duela aitortu du. "Gure helburua da euskal presoei sostengua ematea eta Iparralde mailan egun seinalatu bat izatea borroka horretan", erantsi du.

Aurten, beste urteei alderatuz, parte hartzaile gutiagok izena eman dutela deitoratu du Altunak. Zergatik ote den galdegitean honako hausnarketa plazaratu du: "Zenbait errefuxiatu herrira itzuli direnez geroztik, jaitsiera sumatu da". Hots, lehen errefuxiatuko herrien hainbat taldek izena ematen zuten, baina gaur egun ordea, behingoz mementoz, ez dute bat egin. "Hendaia eta Iparraldean parte hartzea handitu da, baina Hegoaldetik datozen talde kopurua jaitsi da".

Futbol partida goizeko 08.30etatik aitzina hasiko dira eta horiek diote hasiera emanen egun osoko egitarauari. 14.00etan ekitaldia iraganen da eta bazkaria ondotik elektrotxarangaren txanda izanen da. 20.00ak aldera sariak banakatuko dituzte eta kontzertuen tartea irekiko dute.

Kirol ekimenean parte hartu nahi duen orok izena eman dezake ondorengo telefono zenbakietan: 637194141 eta 0659091886.