kazeta

Emakume bat hil dute Bidarten eta bere bikotekidea atxilotu dute

70 urte inguruko emakume bat hil dute gaur goizean Bidarten; bere bikotekidea, 79 urteko gizon bat, atxilotu du Poliziak.

Gertakariak Bidarten iragan dira.
Gertakariak Bidarten iragan dira.

Eguerdiko ordubata aldera, Poliziak 79ko gizon bat atxilotu du Bidarten (Lapurdi), Naiz atariak azaldu duenez, 70 urteko emaztea hiltzea egotzita.

Berriak berri eman duenez, familiako kide batek eman die abisua larrialdi zerbitzuei, etxera iritsi eta emakumearen gorpua aurkitu duenean. 79 urteko gizona itxi egin da etxean.

Polizia, suhiltzaileak, anbulantziak eta Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradorea bertaratu dira eta etxearen inguruan segurtasun perimetro bat ezarri dute.

Gizonak eguerdiko ordubatean bere burua entregatu du eta, atxilo, ospitalera eraman dute.
 
Vuelta Simonek azaldu duenez, «a priori, senarrak tiroz hil du emaztea». Hala ere, argitu du ikerketa abiatu dutela, gizonak esan dielako biek beren buruaz beste egin nahi zutela eta berak botika kantitate handia hartu zuela bart. Emazteak ere hala egin zuen ikertzen ari dira.

Bi aukerak horiek mahai gainean daude, Baionako prokuradorearen arabera.
Iragan larunbatean, beste emakume bat hil zuten Donibane Garazin, auto batekin harrapatuta. Ustezko egilea, haren bikotekide ohia atxilotu zuten, eta epaileak behin behinean espetxeratzeko agindua eman zuen.Biktimak tratu txarrengatik salaketa jarri zuen 2017an.