Iurre BIDEGAIN

Kalitatezko eta hurbileko zerbitzu publiko baten alde

CGT, Sud Solidaires eta LAB sindikatuetako trenbideetako langileak zerbitzu publikoaren alde mobilizatu dira apirilaren 24an. Manifestariek Kanboko karriketan beren aldarrikapenak entzunarazteaz gain, ekintza bat burutu dute Donibane Garazi-Baiona tren zerbitzuaren defentsan.

Kanboko herriko etxean burututako ekintzaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena
Kanboko herriko etxean burututako ekintzaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena

Astelehenean Biriatuko ordainlekua blokatu ondotik, Kanbon beren aldarrikapenak entzunarazi dituzte trenbideetako langileek. CGT, Sud Solidaires eta LAB sindikatuek antolaturik, manifestazio bat antolatu dute Lapurdiko herrian eta ekintza bat burutu dute herriko etxearen aitzinean.

Mobilizatu diren pertsonek Donibane-Garazi-Baiona tren zerbitzuaren kudeaketa salatu dute. Oroitarazi behar da 2015ean Akitania Berriak lanak burutu zituela 32,6 kilometroko ibilbidean. Geroztik, ibilbidea behin baino gehiagotan hetsi behar izan dute. Peio Dufau CGTko kidearen erranetan, enpresa pribatu bat obretaz arduratu da eta ez dira behar bezala eginak izan.

Beren desadostasuna eta haserrea adierazteko, hamar metroko trenbide bat eraiki dute herriko etxearen aitzinean. Halaber, eraikinaren elektrizitatea moztu dute parte hartzaileek. "Erakutsi nahi izan dugu, gu ere gai garela horrelako obrak egiteko", erantsi du.

Gisa berean, ibilbide horretan egiten diren bidaien kopurua deitoratu dute sindikatuek. Beren aburuz, kopuru horrek ez du bat egiten kalitatezko zerbitzu publiko batekin eta ez dio gizartearen beharrari erantzuten.

"Normalean lau bidai egiten dituzte egunean zehar. Guk proposatu dugu hamar egitea: bost Kanbotik Baionara eta beste bost Kanbotik Donibane Garazira", azaldu du Dufauk. Mobilizatu diren langileek Kanboko auzapeza den Bernadette Jougleuxrekin elkartzeko parada izan dute. Azken horrek beren proposamena entzun du.

Mobilizazio berri bat

Larunbatean, Christophe Castaner, Gobernuko bozeramaile ohia eta La République en Marcheko ordezkari nagusia Ficoban izanen da. Trenbideetako langileek ongietorri bat prestatuko diote eta bilkuran parte hartzea aurreikusi dute.