Kazeta

Gazte altsasuarrak epailearen aitzinean

Altsasuko zortzi gazteen kontrako auzia abiatu da apirilaren 16an Madrilgo Audientzia Nazionalean. Zenbait gaztek bi guardia zibilekin izandako liskarra epaituko du auzitegiak bi astez. Zortzi gazteek akusazioak ezeztatu dituzte epailearen aitzinean. Gaur, guardia zibilen txanda izanen da.

Apirilaren 14an Iruñean iragan zen manifestazioaren irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)
Apirilaren 14an Iruñean iragan zen manifestazioaren irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Unai Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Oihan Arnanz epailearen aitzinetik pasatzen lehenak ziren. Zortzi auzipetuen artean preso dauden hiru gazteak dira. Prokuradoreak, orotara, 375 urteko espetxe zigorra galdegin du auzipetuentzat. Apirilaren 16an hasi eta bi astez gertakariak ikertuko dituzte. Zortziek akusazioak ezeztatu zituzten lehen saioan.

Auzipetuen ondotik, gaur, guardia zibilen zein beren bikoteen txanda izanen da. Gero, hiru egunez, lekukoek beren azalpenak eskainiko dituzte. Heldu den astean, aldiz, adituek hartuko dute parte auzian, hala nola, mediku zein beste guardia zibil batzuek.

Lehen egunean, auzipetu guztiek ez zutela liskarrean parte hartu deklaratu zuten. Unai Unamunok aitortu zuen eztabaida bat izan zuela haiekin, baina ez zuela nehor jo. Adur Ramirezek azaldu du liskarra gertatu zen mementoan bere etxean zegoela. "Biharamun goizean jakin nuen gertatu zena, iratzarri nintzelarik", erantsi zuen.

Oihan Arnanzen erranetan, ostatutik atera zenean, liskarra jada gertatu zen. Jon Ander Cobek esplikatu zuen Koxka ostatura joan zela lagun batzuekin, baina ez zuela inolako kalapitarik ikusi. Cobekin gau horretan zeuden lekukoak ukatu ditu auzitegiak. Gainera, bere deklarazioa frogatzen duen bideo bat errefusatu du.

Gisa berean, Aratz Urrizola, Julen Goikoetxea, Iñaki Abad eta Ainara Urkijok akusazioak ukatu zituzten. Halaber, ez dutela Ospa mugimenduan parte hartzen azpimarratu dute.

Gara egunkariari eskainitako elkarrizketan, Amaia Izkok, gazteen abokatuak, auziaren irregulartasun guztiak aipatu ditu. Defentsaren froga guztiak alboratu dituztela erran du, aldiz, akusazioarenak onartu egin ditu Audientzia Nazionalak. Defentsaren aburuz, magistraburuak interesa du auzian. Azpimarratzekoa da Concepcion Espejel magistraburua guardia zibil batekin ezkondua dela. Defentsak bere parte hartzea baztertzea galdegin zuen baina eskaera baztertu egin zuten, aztertu gabe.

Elkartasun keinuak

Jende anitz hurbildu da Audientzia Nazionalaren atarira elkartasuna helarazteko gazteei eta beren senideei. EH Bildu, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu alderdien hautetsi zenbait ere han ziren.



Iragan apirilaren 14an, 50.000 pertsonek Iruñea bete zuten "justizia" aldarrikatzeko. Aspaldiko mobilizaziorik handiena izan zen hura.