Idoia ERASO

Buru Beltz, metal musikari eszena bat ematen dion jaialdia

Buru Beltz, "metalaren hiriburuan" giroa berotuko duen jaialdia ospatuko dute apirilaren 6 eta 7an Suhuskunen. Iazko edizio arrakastatsuaren ondotik, larunbateko egitaraua luzatzea erabaki du HTK elkarte antolatzaileak.

Aski ezagunak diren Estricalla, Cobra, Vhaldemar eta Childrainekin batera, Ipar Euskal Herriko Ikus, Red Dead, Torheit, Newhouse eta Bolu2death taldeek osatuko dute jaialdiko programazioa.
Aski ezagunak diren Estricalla, Cobra, Vhaldemar eta Childrainekin batera, Ipar Euskal Herriko Ikus, Red Dead, Torheit, Newhouse eta Bolu2death taldeek osatuko dute jaialdiko programazioa.

"Aspaldi ohartu ginen metalaren inguruko dinamika bazela, bai zaleak, baita eszena xerkatzen duten taldeak ere. Suhuskune, Garazi eta Baiona artean diren taldeak ez dira oso ezagunak eszenak eskas dituztelako, gure xedea da tokia ematea", azaldu dio Garari Iban Falxa Buru Beltz Fest-eko antolatzaileak jaialdiaren oinarriari buruz. Zentzu horretan, "betiko filosofia atxiki" dutela gaineratu zuen.

Edizio bakoitzean entseatzen dira talde aski ezagunak ekartzen, ikusleak erakartzeko, nahiz eta Euskal Herrikoetara mugatzen diren gehienbat. Aurten Hego Euskal Herriko Cobra, Estricalla, Childrain eta Vhaldemar izanen dira talde ezagunenak eta, horiekin, “metalaren hiriburuaren” ingurukoek osatuko dute programazioa. Horren arrazoia azaldu zuen Falxak: "Hegoaldean metal taldeek fama handiagoa eta ikusle gehiago dituzte; horregatik Iparraldean ez dugu afixa bururik".

Aurtengo berritasuna larunbateko egunaren luzatzea izan da. Ostiraleko arratsa berdin atxiki badute ere, ibiakoitzeko programazioa arratsaldeko bostetan abiatzea deliberatu dute. "Lortu nahi duguna da jendea hurbildu dadila goizago", zehaztu du antolatzaileak. Eszenan ere aireberritze bat izanen da, gelaren kanpoaldean jarriko duten karpa handiagoa izanen baita. Hori baliatuta larunbateko lehen kontzertuak bertan eginen dituzte.

Arrakasta atxiki

"Joan den urteko edizioa biziki ongi pasatu zen; lehen edizioko formula atxiki genuen, eta emaitza polita izan zen; eta horretarako aurten ere horrela egin dugu", baieztatu du Herria Ta Kultura elkarteko kideak.

Larunbatean Anestesia ekartzea lortu zuten iaz, eta horrek erakarri zuen ikusle kopurua berdintzea zaila ikusten badute ere, programazioak eskaintzen duen aniztasunak publikoa hurbilarazi dezakeela uste dute, eta horrek "ikusleria fidelizatu" dutela erran nahiko luke. Joan den urtean ostiralean talde ezagunik gabe lortu zuten arrakasta aurten ere errepikatu dezaketelakoan daude antolatzaileak.