Iurre BIDEGAIN

Berrogei urteko garapena ospatuko du Olhain ikastolak

Berrogeigarren urtebetetzea ospatzeko xedez, kultur ekimen bat antolatu du Olhain ikastolak apirilaren 7rako. Urteetan zehar bizitako garapena goraipatuko du zentroak Korrontzi folk taldearen ikusgarria eskainiz.

Berrogei urte beteko ditu Sarako ikastolak. ©Herri Urrats
Berrogei urte beteko ditu Sarako ikastolak. ©Herri Urrats

1977an okindegi batean lehen pausuak eman zituen Sarako Olhain ikastolak. Maite Andiazabal etxez etxe ibiltzen zen ogia saltzen. Hark zuen proiektua bultzatu eta burasoak motibatu. Hiru haurrek hasiera eman zioten ondoko ikasturtean 124 gazte bilduko dituen ikastolari. Bete dituen berrogei urteak ospatzeko, ekimen berezi bat antolatu du apirilaren 7an.

Gora behera andana bat gainditu behar izan ditu Sarako ikastolak. Hain zuzen ere, 1988an bere ateak hetsi behar izan zituen haur eskasia zela eta. Haatik, egitasmoaren izpiritua bizirik mantendu zen elkarteari esker. Horrek ekimen kulturalak antolatzen segitu zuen. Urte batzuk beranduago, hamaika ikasle bilduta, abiapuntu berri bat eman zioten ikastolari.

Marie Delpech ikastolako lehendakariaren erranetan, geroztik, etengabeko garapena bizi izan du zentroak. "Geroz eta buraso gehiagok ikastolaren hautua egiten dute Saran. Herrian leku garrantzitsu bat izatea lortu du", erantsi du. 

Itxaropena arazoari aurre egiteko

Hala ere, oraindik oztopo batzuei aurre egin behar diete irakasle, ikasle zein burasoek. Hala nola, leku eskasari. Herriko Etxeak eskainitako gunean kokatua dago ikastola, baina ikasle emendaketaren eraginez, lekua falta zaiela aitortu du presidenteak. "Kanpoko aire sartzea ere tipia gelditzen ari da. Halaber, ama ikastolako haurrek ez dute motrizitate gelarik, jakinik programa gehienak arlo hori lantzen duela. Zaila da irakasleentzat", deitoratu du.

Herriko Etxeak haurtzaindegi berri bat eraikitzeko proiektua duela azaldu du Delpechek. Eraikinaren azpiko gelak ikastolarentzat izatearen itxaropena du.

Oztopoak oztopo, apirilaren 7an ospakizunaren mementoa izanen da Sarako ikastolarentzat. Urtean zehar hainbat animazio prestatu ondoren, larunbatean Korrontzi folk taldeak bere ikusgarria eskainiko du 20.00etan Sarako kiroldegian.

Musika tradizionala eta gaur egungo musika jotzen duen taldeaz gain, Sarako Zazpiak Bat dantza taldeak ere ekimenean parte hartuko du. Arratsaldean, 18.00etatik aitzina animazioak hasiko direla aipatu du ikastolako lehendakariak.