Maite UBIRIA BEAUMONT

Garapen Kontseiluak gogoeta elikatuko du

Euskal Herriko Garapen Kontseiluak ezohiko biltzarra eginen du hilaren 26an estatutu berriak bozkatzeko. Euskal Elkargoari loturiko organo bilakatzeko prozedura bete eta bi egunetara foroa antolatuko du Baionan, gizartearen eskutik lurraldeari buruzko gogoeta egiteko.

Caroline Philips lehendakariak eta Françoise Pautrizel lehendakari-ordeak aurkeztu dituzte Garapen Kontseiluaren erronka berriak. © Bob EDME
Caroline Philips lehendakariak eta Françoise Pautrizel lehendakari-ordeak aurkeztu dituzte Garapen Kontseiluaren erronka berriak. © Bob EDME

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua (EHGK) birmoldaketa fasean da. Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerak ekarritako egoera berriari egokitzeko xedez, bere ibilbideari buruzko bilana egin eta geroari buruzko gogoeta bururatu zuen aipatu egiturak iazko urte amaieran. Mahai gainean, finean, bi aukera ziren, egitura autonomo bezala jardun edo Elkargoaren beraren itzalpean kokatu. Bien arteko konpromisoa bilatu dute.

Hartara, joan den urtarrilaren 18an Euskal Elkargoko herriarteko kontseiluak EHGK aurrera begira Elkargoaren Garapen Kontseilu bilakatzearen aldeko deliberoa hartu zuen. Erabaki hori osatzeko, elkarlanerako hitzarmena onartu zuen, era berean birmoldaketa burutzeko bidean zen egiturari 250.000 euroko buxeta aitortuz.

Martxoaren 21ean Baionako Euskal Museoan eginiko agerraldian, delibero horien harira, heldu den asterako finkatu dituzten bi hitzordu, bata barnera begirakoa eta bestea jendarteari zabalik, aurkeztu zituzten EHGK-ko ordezkariek, Gara egunkariak kontatu duenez.

Lehenengotik hasita, hilaren 26an, Euskal Herriko Garapen Kontseiluak ezohiko biltzarra eginen du, Caroline Phillips bere presidenteak atzo azaldu zuenez, "Euskal Elkargoak aitorturiko misio berria bete ahal izateko ezinbestean gure estatutuak aldatu behar ditugulako". Elkarte izanik, EHGK-k derrigorrez bete behar du aipaturiko prozedura.

Estatu frantseseko administrazioaren antolaketa berria finkatu zuen NOTRe legea, alde batetik, eta Berdintasun eta Herritartasun legea, bestetik, izanen dira estatutuen aldaketa horren ardatz nagusiak.

Bestalde, Euskal Elkargoaren Garapen Kontseilu bilakatu aitzin, etxeak zabaltzeko prozesua aginduko du EHGK-k. "Maiatzaren erdira arte gizarte zibilari, erakunde zein elkarteei parte-hartzea zabaltzeko hautagaitza prozedura irekiko dugu", zehaztu zuen Phillipsek.

Zer euskal gizarte?

Horren ondotik, Françoise Pautrizelen laguntzaz Phillipsek martxoaren 28an Baionako Elkarteen Etxean antolaturiko foroaren xehetasunak eman zituen. Euskal Elkargoari dagozkion erronka nagusien gainean gogoeta eginen dute, 17.00etatik 20.30era. Hiru hizlari izanen dituzte lagun: Francis Jaureguiberry, Alain Franck eta Isabelle Bagdassarian. Ondoren, hogei lagunez osaturiko zortzi lantalde osatuko dituzte, gai ezberdinak aztertzeko,jardunaldiaren amaieran Elkargoari begira "diagnostiko zabal eta partekatua" aurkezteko asmoz.