Maite UBIRIRA

Aman Komunean jarri dituzte tresnak

Notre-Dame-des-Landesen aireportua egiteko asmoa baztertu badute ere, bertako ZAD erresistentzia eta alternatiben eremuaren aurka oldartzeko arriskua inoiz baino argiagoa da. Horrendako, bretainiar askegunearekin lotura sendotu nahi du Aman Komunak dinamikak.

Aman Komunak bildu da Hendaian. © Isabelle MIQUELESTORENA
Aman Komunak bildu da Hendaian. © Isabelle MIQUELESTORENA

Euskal Herria Zuzenean festibalaren karietara antolaturiko gogoetak lehenengo hurbilpena ahalbidetu zuen. Geroztik, Notre-Dame-des-Landes (NDL) aireportuaren egitasmoari aurre egiteko sortu zen ZAD eremuarekin lotura sendotu da.

Hasieran, modu naturalean, Errekaleor Bretainiako "zadisten" erreferentzia bilakatu zen. Gasteizko auzo okupatuan izan zen, hain zuzen ere, Aman Komunak dinamikaren sorrerako bilkura. Handik Getxora, Tosuko baratze autogestionatuan buru-belarri jardun baitzuen berriki Nafarroako Ziordia herrian topagunea izan duen ekimenak.

Iragan larunbatean, Hendaiako gaztetxean jarritako hitzordura hurbildu zen GARA. NDLko aireportuaren egitasmoa baztertu ostean, Macronen gobernuak hemendik gutxira ZAD jomugan har dezakeelako kezka nagusia zen bildutakoen artean.

Nanteseko Prefeturaren bultzadapean eremu aske horren etorkizunaz hitz egiteko antolaturiko lehenengo bileraren atarian Thomasek argi zuen. Zadistaren ustez, "bilkura horiekin aireportuaren aurkako borrokan, norbera bere eremutik, baina oinarrizko adostasun baten baitan, jardun dutenak banatu nahi dituzte, ondoren eremuaren hustea agintzeko".

Erronka hurbilak

Horren aurrean, "eremuari segurtasuna emateko bidean entitate amankomuna sortzea" ezinbestekotzat jo zuen Thomasek. Era berean, udaberriarekin batera hel daitekeen polizia oldarraldi berriaren aitzinean elkartasunak garrantzi handia duela nabarmendu zuen.

2012an NDLn ehundik gora zauritu utzi zituen interbentzioak zirrara handia eragin zuen. Ipar Euskal Herrian berehala sostengu taldea eratu zen. Horren kide den Louisek azaldu zuenez, "norbanakoez osaturiko taldea eratu genuen baina zenbait eragileren sostengua izan dugu gure ekimenei oihartzuna emateko". Geroztik, informazioa zabaldu eta eztabaidak sustatu dituzte. ZADeko jendea erresistentzia fase berri baterako prestatzen den bitartean, taldeak "askegunea deuseztatzera joango diren egun berean" Baionako Suprefetura aitzinean elkarretaratzeko deia zabalduko duela aurreratu zuen Louisek.

2012az geroztik Ipar Euskal Herrian martxan dagoen sostengu taldeak Baionako Suprefeturaren aitzinean biltzeko deia zabalduko du "ZADen aurkako erasoari lehenengo momentutik erantzuna emateko".



Senidetzea eta "ambaZADa" mamitzeko asmoa

Aman Komunak dinamika mamitzeko xedez, hurrengo hitzordua ekainaren 15-16an finkatu dute, Añorgan (Gipuzkoa). Aitzinetik, ordea, beste hainbat ekimen sustatuko dute, berdin Errekaleor auzo okupatuan zein Notre-Dame-des-Landeseko inguruan dagoen erresistentzia eremuan.

Martxoaren 24tik apirilaren 8a bitartean 40 bat euskal herritar Bretainia aldera abiatuko dira, iragan udan ambaZADaren hezurdura ezarri ostean, herri eta borroken arteko topaleku izan nahi duen eraikuntza horri auzolanean bultzada emateko. Hartzeak zehaztu zuenez, heldu den udazkenerako guztiz operatiboa nahi lukete ukan etxola internazionalista.

Brigada hori antolatzeko orduan kontuan hartu dute, bistan da, ondoko aste eta hilabeteetan ZAD babesteko premia berezia izan daitekeela. Are, eremuan bertan erresistentzia antolatzeko "ikastaroak" martxan dituztela baieztatu du Thomasek.

ZADekin eginiko senidetzea indartzeko bidean Lorek beste data bat ezarri zuen egutegian. Topaketa hori apirilaren 20-22an iraganen da Errekaleorren. M.U.