Kazeta

Birziklapenari buruzko kanpaina abiatu du Bil Ta Garbik

Martxoaren 29ra arte, hondakin birziklagarrien bereizketari buruzko informazioa eskainiko du atez ate Bil Ta Garbik. 2020rako Ipar Euskal Herriko, biztanleka, ehun kilo hondakin birziklatzea nahi du sindikatuak.

3 000 etxebizitzetara heldu da Bil Ta Garbi informazioa eskaintzeko. DR
3 000 etxebizitzetara heldu da Bil Ta Garbi informazioa eskaintzeko. DR

"Gehiago eta hobe bereiz dezagun" lemapean, sentsibilizazio kanpaina berri bat abiatu du Bil ta Garbik. Martxoaren 29ra arte, sindikatuko bereizketaren aholkularien sareak hondakinen birziklatzeari buruzko informazioa eskainiko du atez ate. Orotara, Ipar Euskal Herriko 3 000 etxebizitzetara heldu nahi duela azaldu du.

Kanpainaren xedea berezituak diren hondakin birziklagarrien kopurua eta kalitatea emendatu zein hobetzea da. Horretarako, Angelu, Basusarri, Baiona, Kanbo, Ziburu, Hendaia, Donibane Lohizune, Hiriburu eta Uztaritzeko herriak bisitatuko dituzte adituek.

Ipar Euskal Herrian eta Biarnon pertsonaka birziklatzen den hondakinen kopurua emendatu nahi du sindikatuak. 2016an, 83 kilo birziklatu zituen herritar bakoitzak. 2020rako ehun kilotara heldu nahi du Bil ta Garbik. Horrez gain, birziklatzeko keinu egokiak sustatuz, kalteak saihestu nahi ditu erakundeak.