Kazeta

Etchegaray eta Covite biktimen elkartearen arteko bilkura Donostian

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta Covite ETAren biktimen elkarteak bilkura bat izanen dute martxoaren 23an Donostian. Consuelo Ordoñez elkarteko lehendakariak bake artisauekin biltzearen gonbidapena errefusatu du.

Max Brisson, Rubén Mugica, Consuelo Ordoñez eta Vincent Bruren arteko bilkura.
Max Brisson, Rubén Mugica, Consuelo Ordoñez eta Vincent Bruren arteko bilkura.

ETAren biktimen elkartearen iturriak aipatuta Efe agentziak berri eman duenez, heldu den ostiralean, hilak 23, izango da Covite eta Etchegarayren arteko bilera, arratsaldeko 15.00etan, elkarteak Donostian daukan egoitzan.

Ruben Mugica elkarteko buruzagiak hartuko du parte bileran, Etchegarayri Coviteren iritziaren berri emateko, Naiz atariak berri eman duenez.

Ordoñez eta Mugicak egoitza horretan bertan egin zuten bilkura, otsailaren 27an, Max Brisson Les Républicains alderdiko senatariarekin eta Vicent Bru En Marcheko diputatuarekin. Hitzordu hartan, euskal presoak hurbiltzeko Parisko Gobernuak hartutako erabakiarekin ados agertu zen Covite, legeak zehazten dituen irizpideak betetzen dituzten presoei mugatzen delako.

Nola Etchegaray hala Bru eta Brisson, Estatu frantseseko ordezkariekin elkarrizketetan ari diren erakunde eta eragileek osatutako ordezkaritzako kide dira.

Atzo bertan, Txetx Etcheverry eta Michel Tubiana bakegileei bidalitako gutuna publiko egin zuen Ordoñezek, artisauek eskainitako bilerari uko egiten diola jakinarazteko.

ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeagatik auziperatuta daudela gogorarazi zien eta, hortaz, haiekin aurrez aurreko bakarra epaitegietan izatea nahi dutela gaineratu zuen. Erakundearen armen eta armagabetze prozesuari buruzko informazioa eskatu zien.