Kazeta

Euskoaren erabilpena defendatu dute hainbat hautetsik

Baionako Herriko Etxeak euskoak erabiltzearen alde agertu dira hainbat hautetsi. Dagoeneko, hamalau hautetsik Euskal Moneta elkarteak aurkeztu duen "Berrikuntza bai!" agiriarekin bat egin dute.

Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik Baionan antolatutako agerraldian martxoaren 3an. ©Isabelle Miquelestorena
Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsik Baionan antolatutako agerraldian martxoaren 3an. ©Isabelle Miquelestorena

Hautetsi, diputatu, kontseilari baita auzapezek ere Euskoaren erabilpenari eta Baionako Herriko Etxeari sostengua adierazi zieten martxoaren 3an antolatutako agerraldian. Baionako Herriko Etxeak ordainketak euskoekin burutu nahi ditu eta prefetak, berriz ere, juridikoki horren kontra joko duela erran du.

Euskal Monetak aurkeztu duen "Berrikuntza bai!" agiria tokiko monetak jaso duen elkartasunaren isla da. Oraingoz, Ipar Euskal Herriko hamalau hautetsik izenpetu dute. Hala nola, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, Frederique Espagnac eta Max Brisson senatariak, zein Vincent Bru diputatuak.

Agiria sostengatu duten hautetsiek Estatu frantsesaren jarrera hetsia deitoratu dute. Bide batez, Baionako Herriko Etxeari euskoekin ordaintzeko bidea erraztea galdegin diote Gobernuari. Jean-René Etchegaray hiriko auzapezak Ipar Euskal Herriko auzapezei tokiko moneta babesteko deia luzatu die.

Oroitarazi behar da, Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefetak Baionako Herriko Etxearen erabakiaren kontra, helegite bat aurkeztu zuela Paueko administrazio auzitegian. Azken horrek prozedura judiziala deuseztatu zuen. Hain zuzen ere, juridikoki, ezin da izenpetua den hitzarmen baten kontra jo.

Orain, Payetek bere asmoarekin segitu nahi balu, Euskal Moneta elkartea eta Herriko Etxearen arteko hitzarmenaren aurka jo beharko luke. Nahiz eta prefetak aferarekin segitzeko borontatea erakutsi duen, oraingoz ez du helegiterik aurkeztu.