Iurre BIDEGAIN

Indarren batuketatik sorturiko tresna amankomuna

Hainbat mugimendu eta taldeko kidek osatzen duten Aman Komunak sarea sortu berri dute. Norbanakoen edo kolektiboen ezagutzak partekatu eta mugimendu herrikoiei tresna praktiko bat eskaini nahi die sareak. Ziordian azken biltzarra antolatu eta, ondorengo hitzordua finkatu dute partaideek: ekainaren 16 eta 17an iraganen da Añorgan (Gipuzkoan).

Iruñeko gaztetxeak Aman Komunak sarean parte hartzen du.
Iruñeko gaztetxeak Aman Komunak sarean parte hartzen du.

"Daukaguna elkarrekin partekatu. Sistema kapitalistatik kanpo, zabala den komunitatea elkartu. Norbanakoen baliabideekin bizitzeko beste forma batzuk martxan jarri". Horrela definitu daiteke martxan jarri duten Aman Komunak sarea. Euskal Herri osoko norbanako edo kolektiboko partaideak biltzen dituen egitasmoak, indarrak batu eta, mugimendu herrikoiei tresna praktiko bat eskaintzeko xedea du.

Aman Komunak sarearen abiapuntua Euskal Herritik 600 bat kilometrotara kokatzen da. Notre-Dame-des-Landeseko ZAD gune babestua bisitatzeko parada izan zuten Euskal Herriko hainbat lagunek. Bertan egiten zena kontutan harturik, hemen ere elkar ezagutu eta sarea sendotzeko beharraz jabetu ziren.

ZADeko gunea eredu gisa hartuz eta auzolana, autogestioa zein elkarlana hizpide, proiektua martxan jartzea erabaki zuten. "Bakoitza eroso sentitzen den egitasmo bat sortu nahi genuen. Elkar aberastuz, proiektu bakoitzari esku kolpe bat eman nahi diogu", azaldu du Hartzea Lopez Harana Aman Komunak sareko kideak.

Jada hiru biltzar antolatu ditu sareak. Azkena Ziordian iragan zen otsailaren 24 eta 25ean. Lehenengo egunean Amarauna eremu autogestionatuan auzolan bat antolatu zuten parte hartzaileek. Biharamunean, biltzar nagusian lan taldeak eratu zituzten.

Orotara lau batzordek osatzen dute Aman Komunak sarea. Alde batetik, "Auzolanarenak", beharren arabera, laguntza eskainiko die Euskal Herriko egitasmoei. Bestalde, proiektuari dimentsio sozio-politiko bat eman nahi dion taldea sortu dute. Halaber, hirugarren batzordeak Euskal Herri mailan martxan dauden dinamika, borroka zein aske guneen mapa eginen du. Azkenik, komunikazioaren atala jorratuko duena sortu dute.

ZAD eta Errekaleor senidetuak

Hiru hilabetero, Aman Komunak sarea elkartuko da proiektu berri bat lagundu eta kohesioa sustatzeko. Hurrengo hitzordua ekainaren 16 eta 17an iraganen da Añorgan (Gipuzkoan). Firestone lantegi berreskuratua bisitatu eta auzolana burutuko dute parte hartzaileek.

Etorkizunerako hainbat hitzordu finkatu ditu Aman Komunak sareak. Hala nola, apirilaren 20tik 22ra Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan beste topaketa bat bultzatuko du proiektuak. Errekaleor eta ZADen arteko senidetze bat burutuko dute bertara hurbildutakoek.