Xan Idiart

Etxegabe izatetik, bizigabe izatera

Azken egunetan hiru etxegabek bizia galdu dute Baionan, Bokalen eta Biarritzen. Hotz jasangaitza bazaie ere, bakardadea dute etsai nagusi.

Etxegabe bat karrikan. © DR
Etxegabe bat karrikan. © DR

Ipar Euskal Herriko karrikak gupidagabeak dira. Zortzi egunez hiru etxegabe hil dira. Azkena, goiz honetan Biarritzen. 42 urteko gizona zen, eta Bellevue-ko lurpeko aparkalekuan aurkitu dute gorpua arratsaldeko oren bata inguru.

Inkestako lehen zantzuek diotenez, goizeko 11k aldera zendu zen gizona. Baina bere heriotza ez litzateke hotz zorrotzaren eragina izanen. Osasun arazoak zituen. Hazteria hain zuzen. Gizona, Biarritzeko Gilles urgentziazko aterpetxean egon zen bulta batez joan den abendoan, baina ez zuen gehiago han egon nahi izan.

Hura baino lehen, beste etxegabe bat hil zen Baionako geltokitik hurbil otsailaren 15ean, eta beste bat berriz ere Bokalen otsailaren 21ean. Azken hau oihaletxe batean bizi zen oihanean. Biarritzeko gizonaren antzera, zenbait urgentziazko aterpetxetan egon ziren biak, luzaroan gelditu gabe.

Etsipena eta bakardadea

Atherbea elkarteak etxegabekoen egoera larriaz oroitarazi du. Zuzendaria den Jean-Daniel Elicheryk dioenez, "etxegabe guztiak ez dira zentro kolektiboetan bizitzeko prest. Haien arazoa sozializazio eza da."

Karrikan gorputzak bi aldiz fiteago igatzen omen dira. Etxegabe baten bizi esperantza 49 urtekoa da. Haatik, haien heriotzaren iturburu nagusia ez da hotza, baizik eta eritasuna. "Etsipenak eta bakardadeak hiltzen dute gehiago" dio Les morts de la rue elkarteak. Erantzukizun kolektiboa dela errateko manera bat.