Xan Idiart

Luro klinika berria estreinatu dute

Agintari politiko zein herritar anitz hurbildu ziren Izpurara otsailaren 19an. Nahiz eta klinika berri-berria izan, auzapez batzuek kezkaturik darraite kirurgia anbulatorioa hetsi duelako zuzendaritzak.

Apaiza ere gerturatu zen bedeinkazioa emateko.
Apaiza ere gerturatu zen bedeinkazioa emateko.

Aro txarra ez du seinale txartzat hartu nahi izan Izpurako Luro klinikako zuzendaria den Pierre-Yves Gilet-ek. Eguraldi txarra, baina jende ederra zuen aitzinean otsailaren 19an, klinika berria estreinatu zuten egunean. Tokiko auzapez ugarien artean, Jean Lassale diputatua zein Georges Labazée senatari ohia bertan zeuden.

"Biziki kontent gara Luro klinika moderno egin baita azkenean", azaldu du Pierre-Yves Giletek. Eraikina handitzeko lehendabiziko desmartxak 2013an hasi zituzten. Azken bost urteetan beraz, 23 logela eraiki dituzte. Denak egoiliar indibidual batentzat izanen dira. Suteak saihesteko protokolo berri bat plantan ezarri dute ere.

"Baina obra guztiak ez dira oraindik bukatuak", gehitu du klinikako zuzendariak. Orain arte zegoen eraikina arraberritu beharko dute datozen hilabeteetan. Beste logela zenbaitzuk eraikiko dituzte ere, lehengo ebakuntza gelan adibidez.

22 auzapezen kolektiboa

Klinika berriak kezkak eragin ditu hala ere azken hilabeteetan Baxe Nafarroako auzapez zenbaitzuen artean. Hain zuzen, 22 auzapezek kolektibo bat sortu, eta zuzendaritzak hetsi behar zuen kirurgia anbulatorioa salbatzen saiatu ziren. Debaldetan ordea. Zerbitzu hori ez dago jadanik 2017ko hondarretik goiti.

Bere aldetik, arrangurak sosegatzea desio ditu Pierre-Yves Giletek. "Kirurgia anbulatorioa Donapaleun eta Baionan egiten da biziki ongi. Gurea zerratu izana, ontsa hausnarturiko hautua izan zen".

22 auzapezen kolektiboarentzat, Donapaleu zein Baionako zerbitzuak aipatzea ez da aitzakia ona. Horiek jadanik gainezka daudela diote. Datozen hamar urteetan, ebakuntzen %80a izanen litzateke kirurgia anbulatorioa.