kazeta

Ion Parotek preso segitu beharko du

Bere bosgarren baldintzapeko askatasunari uko egin dio Dei auzitegiak otsailaren 22an.

Bagoazek elkarretaratze iraunkorra egin du gaur Baionan. (@Iurrebidegain)
Bagoazek elkarretaratze iraunkorra egin du gaur Baionan. (@Iurrebidegain)

Dei Auzitegiak Ion Kepa Parot euskal preso politikoaren baldintzapeko askatasun eskaria atzera bota du. Abenduaren 21ean aztertu zuten auzia eta gaur jakin da erabakia. Bagoazek "lotsagarritzat" jo du epaia eta apirilaren 14ean mobilizazioa deitu du Baionan.

Elkarretaratze iraunkorra antolatu du gaur Bagoazek hiriburu lapurtarrean eta bertan jakinarazi du erabakia.

Parot, Xistor Haramburu eta Jakes Esnal presoekin batera, bizi osorako zigorrera kondenatu zuen Parisko epaitegiak eta 28 urte daramatza dagoeneko espetxean. Orain arte egindako askatasun eskari guztiak atzera bota ditu epaitegiak eta, Bagoazek atzo salatu zuenez, "argudio politiko eta ez jurikoetan oinarrituz" hartu dira erabaki hauek.