Idoia ERASO

Bizikletaren erabilera sustatu nahi duen elkarte baionarra

Baionan autoaren erabilera saihesteko helburua duen elkartea sortu dute: "Goazen bizikletaz, goazen oinez". Bizikletaren erabilera sustatzeko politika aldarrikatu du erakundeak.

Txirrind’Ola elkarteak bizikleta tailer solidario eta parte-hartzaileen topaketak antolatu ditu Baionan.
Txirrind’Ola elkarteak bizikleta tailer solidario eta parte-hartzaileen topaketak antolatu ditu Baionan.

“Goazen bizikletaz, goazen oinez” izenarekin, autoaren erabilera mugatzeko beste garraiobideak sustatzeko helburua duen elkartea sortu da Baionan. Otsailaren 15ean agerraldia egin zuen AVAP-ek (siglak frantsesez), erakundeen aldetik dagoen «desinformazioa» salatzeko, eta bizikletaz ibili ahal izateko bide egokituak sortzeko abian jarri duten sinadura bilketa aurkezteko, Garako artikuluak azaldu duenez.

2012an sortu zen bizikleta sustatzeko plana ez dela betetzen ari salatu zuten elkartetik, hori dela-eta etorkizunera begira hartutako engaiamenduak ez betetzeko arriskua dagoela jakinarazi zuten. Baiona, Angelu eta Biarritz inguruan Tram’Busa ezartzeko lanak egiten ari diren honetan, erakundeak interpelatzeko momentu erabakigarria dela nabarmendu zuten.

«Herriko etxeetako zerbitzuak eta hautetsiak desinformatzen ari dira, Tram’Bus-aren plangintzan agertzen ziren bizikleta errailak eta garraio publikoen abiadurak ez dira errespetatzen ari», ohartarazi zuen Dominique Harriague elkarteko presidenteak.

Gaur egun Lapurdi iparraldeko hirigunean sortzen diren berotegi efektuko gasen %20 pertsonen garraioaren ondorio dira. Hein horretan, politikak eragin handia izan dezakeela baieztatu zuten elkartetik, eta horretarako, gaur egungo garraiobideen erabileraren adierazle diren datuak eman zituzten: bidaien %70 auto partikularrez egiten da, %4 autobusez eta %1a soilik bizikletaz. Hori aldatzeko, 1.700 sinadura bildu dituen eskaerak bide egokituak eskatzen ditu.

Topaketak Baionan

Bestalde, Txirrind’Ola elkarteak Estatu mailako Heureux Cyclage sarearekin batera bizikleta tailer solidario eta parte-hartzaileen topaketak antolatu ditu Baionan. Otsailaren 8tik 10era solasaldiak, mintzaldiak eta sarearen biltzar orokorra egin dituzte. Horretaz gain, festa giroan desmartxa gizarteratzeko xedez, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte, kontzertuak eta bizikleta martxa handia hiriko karriketan zehar, besteak beste.