Kazeta

Ion Kepa Parot euskal presoaren aldeko ekimenak

Otsailaren 22an epaileak Ion Kepa Parot-en baldintzapeko askatasunari buruzko epaia plazaratu baino lehen, euskal presoaren aldeko ekimenak antolatu ditu Bagoaz-ek. Baionan giza kate bat antolatu du otsailaren 17rako. Halaber, elkarretaratze iraunkor bat prestatu du erabakia jakinen den egunerako.

Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea burutu zuten Baionan azaroaren 7an. ©Isabelle Miquelestorena
Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea burutu zuten Baionan azaroaren 7an. ©Isabelle Miquelestorena

Badira hogeita zortzi urte preso dagoela Ion Kepa Parot. Epaileak bosgarren baldintzapeko askatasunaren galdea aztertu zuen abenduaren 21ean. Heldu den astean, otsailaren 22an, bere erabakiaren berri emanen du. Euskal presoaren askatasuna aldarrikatzeko ekimenak prestatu ditu Bagoazek otsailaren 17 eta 27rako.

Larunbat honetan, hitzordua 11.00etan finkatu du Baionako suprefeturan. Bertan, giza kate bat osatuko dute parte hartzaileek. Merkatutik pasa eta, San Andres plazara ailegatuko dira.

Otsailaren 22an, epaia ezagutzera emanen den egunean, elkarretaratze iraunkor bat proposatuko du Bagoazek. Ekimena 13.00etatik 17.00ak arte iraganen da Lesseps Kaian. Arratsalderako traktaketa, filma proiekzio bat zein prentsaurreko bat antolatu ditu.

"Jarrera zaharkitu hauek aldatzera bortxatzeko eta bake prozesua aitzinarazteko", Bagoazek gizarteari mobilizatzeko deia luzatu dio.