Kazeta

Estrasburgok Estatu espainiarra zigortu du bi tortura kasurengatik

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarra zigortu du Igor Portu eta Mattin Sarasolaren torturen auzian. Kalte moralak direla eta, 30.000 euro eman beharko dizkio Porturi eta 20.000 Sarasolari.

Igor Portu Donostiako ospitaleko zaintza berezietako unitatean. (NAIZ.EUS)
Igor Portu Donostiako ospitaleko zaintza berezietako unitatean. (NAIZ.EUS)

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aho batez ebatzi du Europako Konbentzioaren hirugarren artikulua urratu zela garaian. Hori dela eta, Estatu espainiarrak 50.000 euro ordaindu beharko dizkie, hiru hilabeteko epean, preso segitzen duten bi lesakarrei: 30.000 euro Porturi eta 20.000 Sarasolari, hain zuzen.

Igor Portu eta Mattin Sarasola atxilotu zituzten 2008ko urtarrilaren 6an. Hamasei ordu beranduago, guardia zibilek Donostiako ospitaleko zaintza berezietako unitatera eraman behar izan zuten Portu. Birika zulatua, begi batean hemorragia, saihets bat hautsita eta gorputza ubelduraz betea zuen. Hots, tortura pairatu zutela zantzu argiak zituen.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak polizia operazioan parte hartu zuten lau guardia zibil kondenatu zituen. Beranduago, Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak guardia zibilak errugabetu zituen. Portu eta Sarasolak helegitea aurkeztu ondoren, Auzitegi Konstituzionalak ez zien onartu. Orduan, bi euskal presoek beren kasua Estrasburgora eramatea erabaki zuten.