Haritz LARRAÑAGA

Macron legea tirabiraren erdian

"Macron legea" indargabetzeko Alarma Soziala sortu zuen LABek. Orain, "edonork erabil dezakeen tresna" ezagutarazteko Ipar Euskal Herria hamar egunetan zeharkatuko duen Tira Bira itzulia abiatuko du.

LAB sindikatuko kideak D. Lohizuneko Jalday industria gunean izan ziren atzo. © Lab
LAB sindikatuko kideak D. Lohizuneko Jalday industria gunean izan ziren atzo. © Lab

Astelehenean abiatu zen Hendaiatik hamar egunez Ipar Euskal Herriko gune nagusietan Alarma Sozialaren berri emango duen Tira Bira Tourra. Hala, irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela dioen esamoldeari jarraituz, elkartasun keinu batekin abiatu zuten martxa.

Eñaut Aramendi LABeko kideak Sokoa enpresaren atarian egin zituen adierazpenetan azaldu zuenez, "ez da kasualitatea ekimena abiatzeko Hendaia hautatu izana, hemen izan baitu 'Macron legeak' Euskal Herriko lehen biktima". Hain zuzen ere, abenduaren 27an kaleratua izan zen Sebastian Hiriart lankideari elkartasuna adierazteko elkarretaratze bat egin ondoren eskaini zuten prentsaurrekoa.

Langileekin harreman zuzena

Alarma Soziala ezagutzera emango duen martxa atzo hasi zen, beraz, eta Baionan amaituko da otsailaren 9an mobilizazio eta ekimenaren bilanaren aurkezpen publiko batekin. Artean, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamar eskualde zeharkatuko ditu karabanak.

Etapa bakoitzak bi atal bereizi izanen ditu. Goizero lantegietara joan eta esku orriak banatuz langileak informatzeko harreman zuzena jorratuko dute. Eguerdian aldiz, leku estrategikoetan informazio gunea ezarri eta arratsaldeko ordu biak arte merkatari, erosle zein mota guztietako jendeari egitasmoaren berri ematen arituko dira.

Hendaia, Senpere eta Urruñan izan ziren atzo goizean, eta eguerdiko informazio gunea Donibane Lohizuneko Jalday industria eta merkataritza gunean ezarri zuten. Gaur berriz, Errobiko lantegietan izango dira eta Kanboko erdialdean ezarriko dute informazio gunea. Bihar Garazi eta Baigorriko inguruetan izango dira, eta handik Maulera abiatuko dira.

Otsailaren 2an ohiko egitarauaz gain, bilkura publiko bat egingo dute Izuran. Hurrengo egunetan, Aiziritze, Akamarre, Hazparne eta Mugerren izanen dira, eta otsailaren 9an Biarritz, Angelu eta Baionako eremuetan aritu ostean bukaera emanen diote itzuliari.

"Macron legerik" gabe

"Hamar urte daramatzagu erreformaz erreforma eta langileak gara beti galtzen ateratzen garenak; beraz, ezin dezakegu hurrengo erreformarekin gauzak hobetuko diren esperantzaz zain egon", ohartarazi zuen Aramendik. Horregatik, 2012. urtean "bertako negoziazio eremu bat aldarrikatzen hasi ginen, bertan erabakiz eta bertan borrokatuz, langileen baldintzak hobetzea lor dezakegulako", argitu zuen sindikatu abertzaleko bozeramaileak.

Euskal Herria, "'Macronen legerik' gabeko eremu izatea da helburua, eta Alarma Soziala horretarako tresna bat da" nabarmendu zuen Aramendik. Hots, "edonork eman dezake alarma eta edonork parte har dezake harresi sozialean".