Idoia ERASO

Israel izanen da aurtengo FIPA festibalaren herrialde gonbidatua

Presidente berri baten eskutik, Israel izanen du gonbidatu urtarrilaren 23tik 28ra iraganen den FIPA festibalak. Biarritzen antolatuko duten 31. edizioak hainbat aldaketa ekarriko ditu. Hala nola, presidente berria: Anne Georget dokumentalista eta kazetaria.

Iaz 25.000 ikusle inguru bildu ziren FIPAn.
Iaz 25.000 ikusle inguru bildu ziren FIPAn.

"Israel hautatu dugu, urteak direlako abangoardian dela ikus-entzunezkoen munduan. Arazo sozialei buruzko dokumental indartsuak eta mundu osora esportatzen diren telesailak egiten dira han", baieztatu zuen François Sauvagnargues zuzendari nagusiak, Garako artikuluak azaldu duenez. Bertako arazo soziopolitikoei buruz egiten den irakurketaz hau gaineratu zuen: "Identitatea, erlijioa, eta Palestina eta Israelen artean dagoen haustura soziala agerrarazten da. Horrelako ikus-entzunezkoek gizartean eztabaida sortzen dute".

Munduko produkzioaren laginak erakustea du xede festibalak eta aurten 30 herrialdetako ekoizpenak izanen dira ikusgai. Gehien jorratzen diren gaiak errefuxiatuena eta emakumeen kontrako bortizkeria direla adierazi zuen Sauvagnarguesek. Kamera atzean ere emakumeen tokia handitzen ari dela gaineratu zuen, aurten 40 errealizatzaile emazteak baitira.

Urtero bezala, joera berriak deskubritzeko parada emanen du nazioarteko jaialdiak. Smart FIPA atalaren bitartez, ikus-entzunezkoen munduan narrazioak hedatzeko bestelako proposamenak izanen dira.

Baina bestelako joerak ere agertzen dira programazio ofizialaren baitan, lengoaiari berari loturikoak. Horrela, fikzio eta errealitatearen arteko mugak lausotzen ari direla ageri dela nabarmendu zuen zuzendari nagusiak: "Bi produkzio moten arteko hibridazioa gertatzen ari da; fikzioa errealitatetik gero eta hurbilagoa da, eta fikzioan gizartean jorratzen diren gaiak lantzeko borondatea gero eta ageriagoa da". Presidentea ere ildo beretik mintzatu zen: "Bizitzak fikzioaren gero eta eragin handiagoa dauka, bi gramatikak elkarren osagarri dira, batzuetan horren aldarrikapena egiten da, eta beste batzuetan bide hori hartzen da besterik gabe, baina argi dago joera bat dela".

Aldaketak

Aurtengo edizioak, antolaketa eta sariei dagokienez, hainbat aldaketa ekarriko ditu. Horietatik handiena denborari dagokiona da; izan ere, jaialdia bera urtarrilaren 23an hasiko bada ere, orain arte gauean egiten zen irekiera ofizialarekin ematen zitzaion hasiera, eta aurten, aldiz, hitzordu hori atxiki baldin badute ere, emanaldiak lehenago abiatuko dira, hitzorduen artean hautatzeko aukera handitu nahian.

Lehen emanaldia, beraz, astearte goizean izanen da, eta horretarako euskal produkzio bakarra hautatu dute, Elsa Oliarj-Inesen “Les airs sauvages (Basahaideak)”. Musika dokumentala herri kasinoan emanen dute 10:00etan eta, Ikusleen Saria eskuratzeko sailean hautatua izan da. Gaueko irekiera ofizialerako Israelgo “Fauda” telesail ezagunaren bigarren denboraldiko lehen kapitulua aurkeztuko da. Eta itxiera gaualdian “Le courage de grandir” dokumental frantsesa ikusteko aukera izanen da.

Jaialdia luzatzearekin batera emankizun kopurua txikitu dute; 120 lan izanen dira, eta helburua ikusleek produkzio guztiak ikusteko bi parada bederen izatea da. Atalen banaketan ere, erreportaje handiak eta dokumentalak bi sail bereizitan jarri beharrean bakarrean jarri dituzte, eta horiek sailkatzean frantses eta nazioarteko produkzioak bereiztea deliberatu dute.

Urte luzeetan FIPAko presidente izaniko Michel Mitraniren omenez ematen den sarian ere aldaketa izan da. Lehen golardo bakarra zena orain bi izatea deliberatu dute, bat fikzioarentzat eta bestea dokumentalentzat.